martes, 24 de julio de 2018

SKN Additive, galdaketa ereduen fabrikazio gehigarria 3D inprimagailuen bidez



2018ko utzailaren 24a 

Elkarrizketa Iskander Díezi, 2017-2018ko 3. Enpresari saria.

Iskander Díezek 2017-2018ko Enpresariren hirugarren saria irabazi zuen, SKN Additiverekin, galdaketarako ereduak fabrikatzeko proiektu bat. Saria jaso zuenetik hilabete batzuk igaro ondoren, Abanto eta Zierbenako Meatzarien Ospitale zaharrera gerturatu gara, gaur egun han baitu bere egoitza, jakin nahi dugulako zergatik den proiektu hau berritzailea eta zerk ekarri dion hari sari horrek.

jueves, 12 de julio de 2018

SAREKIN jaio da, Ekintzailetzaren Aldeko Bizkaiko Sarea



2018ko ekainaren 28a

“Saia gaitezke sortzen ekintzaileen enpresa sare bat: harremanetan jarriko zaituztena, batera lan egiteko aukera emango dizuena…”. Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Diputatuaren hitz horiexek izan ziren gaur egun errealitate bihurtu den SAREKIN - Ekintzailetzaren Aldeko Bizkaiko Sarearen abiapuntua. Sarearen aurrekariak Emprendit-ON 2017 Ekintzailetza Foro Gaztean kokatzen dira, iazko martxoan egin zena, non parte hartzaileek hobeto egituratuta egongo den ekintzaileentzako ekosistema bat eskatu baitzuten. Laespadak erronkari eutsi zion, eta foroaren ondoren egin zen topaketa batean, Bizkaiko ekintzaile gazteei lagunduko dien sare bat sortzeko asmoa iragarri zuen, ezaugarri nagusi izango dituena pertsonak, zeharkakotasuna, gardentasuna, lankidetza eta ondo eginiko lana.

jueves, 7 de junio de 2018

Bizkaiko enpresak eta millennial-ak helburu komun baten bila

2018ko ekainaren 7a

DEMA Enplegu eta Ekintzailetzarako Foru Agentziaren programa pilotu batean parte hartu duten millennial gazteek praktikak egin dituzte hiru hilabetez Bizkaiko puntako enpresetan, eta hurbiletik ezagutu dituzte erakunde horiek erabiltzen dituzten gestio aurreratuko ereduak. Gazteen erdiak gutxi gorabehera bigarren fase batera igaroko dira, eta fase horretan bekadunen egitekoa izango da aurretik ikasi dutena egokitu zaien konpainiari transmititzea.

martes, 5 de junio de 2018

Zaletasuna enpresa bihurtzen denean

2018ko ekainaren 5a

“Musika nire hobby-a eta bere lana da” esan du Idoia Acosta Santurtziko San Jose de Calasanz ikastetxeko Gizarte Integrazioko ikasleak, Enpresari 2017-18 lehiaketako lehen sariaren irabazleetako batek. Iker Rodriguez da taldeko beste kidea. Bien artean Arima sortu dute, gitarrak egin eta konpontzen dituen lutheria tailerra (artisau lan hutsa!), zeinari esker 1.500€-ko txekea irabazi baitute, beren negozio ideiari jarraipena emateko erabiliko dutena.

jueves, 7 de diciembre de 2017

DEMAren 3 programak laguntza ematen die ekiten hasi nahi duten pertsonei

2017ko abenduaren 7a

Negozio ideia bat egia bihurtzea ez da lan erraza, baina testuingurua ez ezagutzeak -nondik hasi ere ez jakiteak- erabateko erronka bihur dezake abentura izan beharko zukeen ekintzailetza. Gaur egun, langabeziari aurre egiteko oso aukera baliagarritzat jotzen da ekintzailetza, programa eta metodologia espezifikoen bitartez prestatzeak arrakastaren eta porrotaren arteko aldea finka baitezake enpresa proiektua abian jartzean.

Bizkaian ekitea

Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren menpekoa den DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak ia 30 urte daramatza ekimenak garatzen enpleguaren eta ekintzailetzaren arloko foru estrategiaren esparruan. Bere lantalde teknikoak eta zuzendaritza taldeak daukaten eskarmentuari esker, programak eguneratu ahal izan dira berriro; bereziki, duela bi urtetik hona, eta irtenbide berritzaileak eta neurrira egindakoak bilatu dira (esaterako, Taldeka).

Zertarako hasi ekiten? 
Irtenbide horiek ez lirateke eraginkorrak izango ekintzailetza gaietan patroirik ez dagoela ulertu ezean. Arrazoi sorta askotarikoa dago ekiten hasteko: DNAn eramaten den ekintzailetza espiritua eta bizirik irauteko beharra, besteak beste. Eginkizun dagoen plangintza honen bitartez, Foru Agentziak hainbat jarduera eta programa eskaintzen ditu, pertsonei zein kolektiboei, euren premiei eta gaur egungo zein etorkizuneko merkatu premiei erreparatuz.

Taldean ekiten hastea, Taldeka programarekin
Taldeka ekintzailetza programak Bizkaian langabezian dauden pertsonei ekiten erakusten die, gutxienez % 60k euren lanpostua sor dezaten helburutzat hartuz. Programa berritzaile honek autoenplegura bideratu nahi ditu bere partaideak, lan munduan aktibatu ahal izateko, lankidetzan oinarritutako lan formula aberasgarrien bitartez eta metodologia espezifiko baten bitartez ekintzailetzako prestakuntza emanda, negozio ideiak sortzea bultzatuz. Baina ez hori bakarrik! Taldekak, halaber, taldea osatzen duten pertsonen artean sinergiak sortu nahi ditu, azkenerako enpresa berriak eraiki ahal izateko. “Hasten ikastea” da helburua, horretarako egunero lan eginez; betiere, lantaldea koordinatuko duen pertsona baten begiradapean.

Taldekak oso kontuan izaten du hori, eta edizio bakoitzean, unean uneko egoeran ekintzailetzan hasteko egokienak diren pertsona taldeak eta negozio sektoreak aztertzen ditu. Era horretan, ekintzailetza talde espezifikoak aktibatu dira: profesional etorkinentzat, soil-soilik seniorrentzat, edo adineko pertsonen premietara zein biztanleriaren zahartzeak ekarritako premietara egokitutako negozio aukerak ardatz dituztenak. Azken taldea Getxon sortu zen, eta duela astebete eskas hasi zen lanean. Kirolaren, ongizatearen eta turismoaren sektoreak lantzen ditu. 2016ko maiatzean jarri zen abian programa, eta harrezkero, hogeita hamar enpresa pasatxo sortzen lagundu du.

Enpresari. LHn ekitea
DEMAren jardunbide ildoetako bat da, hain zuzen, Bizkaiko gazteen artean enpresa kultura sustatzea. Lanbide Heziketako ikastetxeetako irakasleei eta ikasleei zuzendutako hainbat jarduera gauzatzen ditu Agentziak, Enpresari programaren babespean. Enpresa ideien lehiaketak, esaterako, LHko milaka ikasleren sorkuntza eta ekintzailetza jarrera sustatzea bilatzen du, eta erakusten die autoenplegurako, lanean hasteko eta norberaren errealizaziorako aukera bat dela enpresa bat sortzearena. Aurtengo deialdian, 200 negozio ideia baino gehiago aurkeztu dira, eta 500etik gora ikaslek defendatu dituzte. Guztietatik 50 aukeratu dira enpresa proiektuak gauzatzeko faserako, eta azkenean, horietako 10 sarituko dira. DEMAko aholkularitza taldeak egiten ditu proiektu bakoitzaren tutoretza eta jarraipen lanak. 2001. urteaz gero, 650etik gora enpresa proiektu atera dira Enpresari programatik.


gazte ekintzailetza

Abian. Enpresen sorkuntza
Enpresa ideia bat duten pertsonei Abian programa eskaintzen die DEMAk. Programa horren bitartez, banakako aholkularitza eta laguntza eskaintzen zaie, metodologia espezifiko bat aplikatuz, bakoitzak bere negozio plana garatu, eta nork bere enpresa sor dezan. 2016. urtean 564 negozio ideiaren azterketan parte hartu zuen Abian programak. Horietako 510 enpresa plan garatu, eta 186 enpresa sortu ziren.

Padeland kluba Abian programari esker sortu zen
Bizkaian ekitea
PADELAND padel kluba (Amorebieta)
2 urte bete berri ditu. Padeland padel kluba Zornotzan dago kokatuta, eta programa honen babesean sortu zen. Jessica Martínezek uste du ezingo zukeela abian jarri, DEMAren laguntza izan ez balu. “Ekintzailetzaren mundua konplexua da. Informazioa behar duzu, eta ez dago horrelakorik. Nondik hasi jakin behar duzu, sektorera hurbilketa egin behar duzu... Abian programaren gidalerroak benetan lagungarriak izan zitzaizkigun”.  Martínezek eta Jorge Alonso senarrak merkatu aukerak aztertu eta premiak hauteman ondoren ireki zuten kluba. “Asko borrokatu ginen, eta ordu asko eskaini genizkion” -eta halaxe jarraitzen dute-. Ez zuten inolako loturarik padelarekin; alabaina, “bizimodutzat” daukate gaur egun Padeland. Klub horretan pistak aloka daitezke, haurrentzako eskola dago, banakako zein taldekako eskola bereziak ematen dira eta “neuk ere nahi dut” sistema eskaintzen da. Sistema horren helburua da, hain justu, antzeko maila duten 4 pertsona elkartzen ahalegintzea, partida egiteko. Gainera, era guztietako txapelketak eta ekimenak antolatzen dituzte. Jessicaren ustez, familia handi bat da Padeland, eta horrek bereizten ditu gainerakoengandik.

Ekiteko gogoz dauden pertsonek jakin behar dute Foru Aldundiaren zuzeneko diru laguntzak ere badituztela. Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak eutoenplegurako programa bat dauka, eta gutxienez 5.000 euroko eta gehienez 15.000 euroko laguntza bat ematen du proiektu berriak bultzatzeko. Arlo honen arduradun Teresa Laespada diputatuak gogorarazi du iaz diru laguntzen 1.066 eskaera jaso zirela guztira, eta horietarako ia 6,5 milioi euroko aurrekontua baliatu zela. DEMA Agentziak Sailarekin berarekin lankidetzan dihardu lanean, eta interesa duten pertsonei laguntza horien eskaerak kudeatzen laguntzen die.

lunes, 30 de octubre de 2017

Prest dago zure enpresa Eraldaketa Digitalak dakarren aldaketarako?

2017ko urriaren 30a

Konpainia asko erratu egiten dira pentsatzen dutenean Eraldaketa Digitalak zerikusia duela teknologiarekin eta nahikoa dela “txapa eta pintura” saio bat enpresa kontzeptu horretara egokitzeko. Bien bitartean, 4.0 Industria Iraultzak astindu ederra agintzen du kultura aldaketa sakon honen aurrean makurtzeko asmorik ez duten enpresentzat.

agilidad empresarial

Joan den ostegunean, Iraultza Digitala eta Enpresa Arintasuna XXI. mendean izeneko hitzaldia egin zen Deustuko Unibertsitateko Pedro de Icaza auditorioan, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak eta haren Enplegu eta Ekintzailetza Agentziak (DEMA) antolatua, DBArekin (Deusto Business Alumni) lankidetzan. Teresa Laespada foru diputatuak eta Jose San Blas DBAko zuzendari nagusiak hartu zuten hitza lehenik, eta Ángel Medinilla eta Almudena Rodríguez Pardo (Improvement21) bizkortasun adituak aritu ziren ondoren. Bi adituek jarraibide batzuk eman zituzten lidergo bizkor bat bultzatzeko enpresaren eraldaketa digitalerantz. Argi utzi zuten aldaketa iritsi dela, gure artean gelditzeko ez ezik, baita aldatzen jarraitzeko ere, abiada handian. Dagoeneko iritsi zaigu 4.0 Industria Iraultza deitzen dugun hori, eta konpainiek eraldatu egin behar dute ondorioz. Dena dela, hori ezin daiteke egun batetik bestera egin.      

Honako hauek 2.000 miliako bidaia baten lehen urratsak dira, eta enpresa plantillako kide guztiek parte hartu behar dute era proaktiboan ahaleginean. Bidaia horretan, garrantzitsuena -eta korapilatsuena- pertsona horien guztien mentalitatea aldatzea izango da. 

Lehen
Euri asko egin badu ere Taylorismoaren garaitik, Angel Medinillak dioskunez, “enpresa askok faltan botatzen dute aro hori”. Adituaren hitzetan, malenkoniaz gogoratzen den garai hori -non zeregin espezifiko bakoitza kronometratu eta ekoizpena neurtu egiten baitzen exekuzio denboren arabera-, bateraezina da egun bizi dugun aroarekin eta Medinillak bere burua partaide sentitzen duen langile “nomada” belaunaldi berriarekin. Izan ere, lehen, “lan indarra trukagarria zen funtsean, eta ez ziren aintzat hartzen erresilientzia, asertibitatea, berrikuntza edo talentuaren gestioa bezalako kontzeptuak. Beraz, erraza zen giza baliabideak administratzea”.

Gaur egun oraindik denborak neurtu egiten dira. Produktibitateak eta eragingarritasunak printzipio nagusi izaten jarraitzen dute lan orduak eta enpresa arrakasta baliokidetzat dituzten konpainia askotan. Oker daude.


qué es la transformación digital



Adibidea
Facebook-ek WhatsApp erosi zuen 2014an, 19.000 milioi dolar ordainduta. Garai hartan, Brian Acton eta Jan Koumen berehalako mezularitzako aplikazioaren enpresak ez zeukan bulegorik, eta 55 langile zituen, ingeniariak gehienak. WhatsApp-ek jada 10.000 milioi mezu bidaliak eta 17.000 milioi mezu jasoak mugitzen zituen egunean.

Ezagutzaren arloko inguruneetan eta langile taldeetan, egiaztatuta dago bonuak eta pizgarriak eskaintzeak kontrako eragina izan dezakeela. “Ez dezagun hitz egin bonuez eta pizgarriez, lanaz, bezeroaz, produktuaz, balioaz… baizik -aldarrikatzen du Medinillak-, eta honako hau erantsi: “produktibitatea ez da panazea, eta merkatura egokitu egin behar da".

Zerbait aldatu egin da
Gaur egun, enpresa askok XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako industriaren arauak aitzat hartuz jarraitzen dute. Dagoeneko funtzionatzen ez duen eredu baten arauak dira: tamainak, produktibitateak, kalitateak… ez dute bermatzen negozio baten biziraupena.

2011n, James C. Collins negozio aholkulariak eta ikertzaileak Good to Great liburua argitaratu zuen, erreferentziazko lana XXI. mendeko enpresa gestioan. Dagoeneko 2,5 milioi ale saldu dira eta 32 hizkuntzatara itzuli. 28 enpresa sakon aztertu ondoren, Collins eta haren lantaldea ohartu ziren horietako batzuk batez bestekoaren gainetik zeudela akzioen errentagarritasunean, eta emaitza onak izatetik emaitza apartekoak izatera igaro zirela. Enpresa horiek ezaugarri komun batzuk zituzten, bikaintasunaren gakoak zirenak -Collinsen hitzetan- enpresa gestioaren estrategian eta praktikan.

Angel Medinillak ez du zalantzarik, “enpresa digitalek aintzat hartu behar dituzte Jim Collinsen parametroak”, eta parametro horietako hiru funtsezkoak dira “besteen gainetik nabarmentzen den enpresa batentzat”:
  • Enpresa kultura eta lidergoa. Bikainak izatera iritsi ahalko dira kultura indartsuak eta lidergo oso markatuak (antropologikoki hitz egiten) dituzten enpresak: inspiratu egiten duten pertsonak. Kontuan izan behar da aldaketa estetiko hutsa nor bere burua engainatzea besterik ez dela, baldin eta enpresa sustraietara jotzen ez bada.
  • Egokitzeko ahalmena. Egokitu, ikasi, esperimentatu… egiten duten enpresak. Jakina, aldaketa gogorra da, eta horregatik dira hain uzkur hainbeste enpresa haren aurrean. Hala eta guztiz ere, besteen gainetik nabarmentzen diren enpresak dira aldaketa beren DNAn txertatu dutenak.  
  • Taldea. Collinsek nabarmentzen diren enpresetan detektatzen duen izendatzaile komunetako bat lankidetzan diharduten taldeak dira, beren burua antolatzen dutenak. Ezinezkoa da talde hauek sortzea enpresak ez badu haien beharra ulertzen eta onartzen. Medinillak ohartarazten digunez, “enpresa batzuek nahiago dute erratuta egon zalantza baino”. Autoantolamendu kolektiboa aldezten du, langileen mikroantolamenduari kontrajarria.
Eraldaketa digitala eta enpresa bizkortasuna
Etengabe hitz egiten da horri buruz, baina badakigu zer inplikatzen duen kontzeptu horrek? Eraldaketa digitala ez dago hain lotuta tresnei, sare sozialei… “Orain, zer zerbitzu edo produktu ematen dugun alde batera utzita, denok gaude-eta softwarearen negozioan!”  dio Almudena Rodríguezek. Adituak Jeff Gothelf-en (Harvard Business Review) dokumentu bat aipatu du, non antolakuntza bizkor baten garrantzia nabarmentzen den. Merkatuen digitalizazioak eta bizkortasunak halabeharrez eraman gaituzte “gure erakundeak egituratzeko eta antolatzeko moduak berraztertzera. Softwarearen entrega gero eta jarraituagoa den heinean, merkatuarekiko elkarrizketa modu berri bat sortzeko gai gara, jarraituagoa dena”.  Horixe da, hain zuzen, eraldaketa digitala: elkarrizketen bizkortasunak erabakiak azkar hartzea eskatzen du; ez dago nahikoa denborarik erabaki guztiak zuzendaritzatik pasatzeko, horrek asko mugatzen baitu enpresaren erreakzio gaitasuna. Baieztapen horrek autoantolatutako taldeen garrantzia azpimarratzen du berriro ere. "Gure produktuaren optimizazio bizkor eta interaktibo horri euskarria emateko, gure pertsonak finantzatzen, kudeatzen, hornitzen eta gidatzen dituen erakundeak bizkortasun maila bera eduki behar du." Enpresa kudeaketaren eta taldeen exekuzio gaitasunaren arteko zuzeneko gatazka inplizitua gureganatu behar dugu. Aldaketak hori dakar; saria, berriz, negozioaren biziraupena da.

Erronka
Eta orduan, galdera honako hau da: zer egin behar da enpresa bat eraldaketa digitalera eramateko? Rodríguez Pardok dibisioak dituzten enpresak aipatu ditu: “Ez zaitez saiatu hegazkin ontzi bat mugitzen, norabide berean doazen ontzi dibisioak baizik". Eraldaketa digitalaren erronka lortzeko oinarrizko sei ildo eman ditu: 

1. Besarkatu konplexutasuna eta aldaketa.
2. Maitemindu bezeroa (bezeroa estrategiaren erdigunean; balioaren maximizazioa, irabaziaren aurrean). Bezero zoriontsuek langile zoriontsuak behar dituzte.

qué significa transformación digital
 “Ez pentsatu nola egin behar den merkatuko zulagailurik onena, bezeroak paretan koadro bat nola jartzen duen baizik". Almudena Rodríguez Pardo

















3. Landu enpresaren kultura: erakarri talentua, eman helburu bat, garatu pertsonak, sustatu autoantolakuntza.
4. Garatu lankidetza ereduak: inbertitu errendimendu handiko ekipoetan; sortu talde "kross-funtzionalak", lan egin dezatela erabakiak hartzeko sistema egoki batekin eta coach onenaren gidaritzapean.
5. Murriztu feedback zikloa: baztertu ziklo luzeko proiektuak, enpresa bizkortasuna bilatzeko. Erakunde guztiek, zer tamaina duten alde batera utzita, prozesu bizkorrak eduki behar dituzte.
6. Berritu, esperimentatu, ikasi… Zureganatu testuinguruaren mendekotasun bat, liberatu espazio bat sisteman, inplikatu etengabeko hobekuntzan. Kalkulatzen da horretarako enpresek langile bakoitzaren lanaldiaren % 20 berrikuntzara bideratu beharko luketela.

Azken batean, enpresa askok eraldaketa digitala teknologiari lotuta dagoela pentsatzearen hanka sartzea egiten dute; ostera, kontzeptua enpresa kulturaren alderdiei dago lotuta, haren kultura eraldaketari eta merkatuarekin eta langile taldearekin harremanetan jartzeko moduaren aldaketa sakon bati.

Lanerako erabiltzen den enpresa kudeaketa sistema zaharkitua geratu da. “Esnatu erraldoia! -Eskatu die Almudena Rodríguezek enpresa arduradunei- Zuen eginkizuna ez da enpresa eraldatzea, zuen enpresetako langile guzti-guztien indar kolektiboak ordezkatzen duen erraldoia esnatzea baizik. Etorkizuna hain da ziurtasunik gabea, ezen negozioek, bizirik irautekotan, taldeetako inteligentzia kolektiboa bildu beharko baitute".

miércoles, 20 de septiembre de 2017

Ba al dakizu zer den enplegu anezka bat?

2017ko irailaren 20a

Ezagutu Bizkaian 200 pertsonari baino gehiagori lana bilatzeko aukerak areagotzen lagundu dion programa.

Ezagutzen dituzu enplegu anezkak? Ezagutzen ez badituzu, lana bilatzeko oso baliagarria izan dakizukeen programa berritzaile hau azalduko dizugu. Dagoeneko ezagutzen baduzu, ez galdu ezer, DEMAk Anezka programaren bost deialdi izango baititu irekita urriaren 11ra arte, Bizkaiko hainbat puntutan. Zure aukera mundura jauzi egiteko!

jueves, 6 de julio de 2017

“Beharbada, berandu baino lehen, gure trastearekin surfean ikasten ari diren pertsonez josita egongo dira hondartzak”

Elkarrizketa Eneko Sánchez Alcortari, 2015-16ko ENPRESARI LEHIAKETAKO 2. SARIDUNARI

2017ko uztailaren 7a

Eneko Sánchez Alcortak eta Jorge Araizek enpresa proiektuen Enpresari lehiaketaren 2. saria irabazi zuten 2015-2016ko ekitaldian. Urtebete geroago, Enekorekin jarri dugu hitzordua, konta diezagun ea OREKA, hots, bere negozio ideia, ahanzturan galdu den proiektua den ala uhinaren gandorrean dagoen.

Enpresari, hain zuzen, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak bultzatutako eta DEMA-Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak kudeatutako programa dugu, Bizkaiko gazte jendearen artean kultura ekintzailea eta enpresa kultura sustatzeko helburua duena.

jueves, 29 de junio de 2017

Enpresa bat sortu taldean Taldeka programaren bidez

2017ko ekainaren 29a

Programa berri honek beren negozioa sortzen laguntzen die Bizkaiko langabeei.

Negozio bat nola sortu ikasten… horretan ari dira Taldeka programako bi taldeetako kideak, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren laguntzaz eta DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziaren kudeaketaren pean.  

miércoles, 28 de junio de 2017

Langileak kontratatzen dituzten Bizkaiko 8 enpresa ezagutzen

2017ko ekainaren 28a

DEMAren enLANzar programako partaideek networking jardunaldi batean parte hartu zuten logistika, garraio eta zerbitzuetako hainbat enpresarekin.

Enplegua eskaintzen duten enpresekin networking batean parte hartzea aukera bikaina izan daiteke, norbere burua ezagutzera emateko eta enpresa horietako arduradunekin harreman profesionalak ezartzeko ez ezik, baita langileen kontratazioari buruzko azken joerak ezagutzeko ere.

martes, 13 de junio de 2017

Sortu jarduera

2017ko ekainaren 13a

Barne prestakuntza aktibo baliotsua da erakunde guztietarako; are gehiago, profesionalak eta sektore profesionalak gaur egun izaten ari diren etengabeko bilakaera eta eraldaketa aintzat hartuta. Izan ere, etengabe eguneratu behar dira, aldaketa teknologiko eta sozialekin bat aurrera egin nahi badute. Bizkaiko enplegua eta ekintzailetza babesteko erakunde gisa eta helburutzat izanda enpresak sortzea eta suspertzea, DEMA- Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentzia jakitun da barne prestakuntza eskaini behar diela bere langileei, teknikariak profesionalki egokitzen laguntze aldera. Helburu horrekin, duela zenbait egun zuzendaritza taldeak eta talde teknikoak sormen tailer batean parte hartu zuten. Tailerraren xedea izan zen sormenak ekiteko prozesuan duen garrantzia ikusaraztea. Nuria Bustamante implicando.com enpresako pertsonen eta erakundeen garapena lantzen duen profesionala da eta berau izan zen tailerra eskaintzearen arduraduna. Hain zuzen, Nuria Bustamantek idatzi du post hau, jardueraren garapena eta bertan landutako ideia nagusiak azaltzeko.

lunes, 5 de junio de 2017

Sasoi ona al da uda enplegua bilatzeko?

Gai hau landu dugu DEMAren enLANzar programako jardueretako batean

2017ko ekainaren 2a

Enpresa guztiek izaten dute euren lantaldearen oporrak ordezkatzeko premia, eta horri beste aukera batzuk gehitzen zaizkio. Besteak beste, sasoi honetan hainbat sektore indarberritu egiten direla; esaterako, turismoarekin, ostalaritzarekin, sukaldaritzarekin eta aisialdiarekin lotutakoak.

Bilbok geroz eta erakarpen indar handiagoa dauka norako turistiko moduan, eta, beraz, gure hirira datozen bisitarien kopuruan pixkanakako hazkundea hauteman dugu. Horrek pentsarazten digu pertsona horiei guztiei zerbitzua eman ahal izateko, enpleguak gora egingo duela.

Uda sasoian sortutako enpleguarekin batera, bada beste iritzi bat: udako lanpostu horiek prekarioak direla, aldi baterakoak baino ez, oso epe laburrekoak, eta horrenbestez, bereziki ikasleentzat sortutakoak edo ikasleek betetzen dituztenak.

Egoeraren analisi erreal bat egiteko, duela aste batzuk mahai inguru bat egin zen, Gloria Mugica DEMAko zuzendari gerenteak gidatutakoa. Bertan, behin-behinekotasun horrek eragindako sektoreetako ordezkariek galdera horiei guztiei erantzuna ematen lagundu zuten. Mahai ingurua, hain zuzen, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak eta DEMA-Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak enplegu anezketatik igaro diren pertsonei laguntza eskaintzeko abian jarritako enLANzar programaren baitako jardueretako bat izan zen. Honako honetan, gainera, gaiari buruz eztabaidatzeko aukera ere izan zuten.

jueves, 1 de junio de 2017

Bilboko III. enplegu anezkarekin laneko bitartekaritza egitera goaz!

2017ko ekainaren 1a

Aste honetan, Bilboko III. enplegu anezka bere ibilbidearen amaierara iritsiko da. 5 hilabetean taldeko lanean aritu ondoren, anezkako parte hartzaileek euren arteko loturak lasatuko dituzte, eta aurrerantzean, nork bere bidea egingo du. Dena den, argi dute ez dutela lotura erabat hautsiko, taldeak izugarri eman baitie, nola maila pertsonalean, hala profesionalean. Gainera, DEMAk duela hilabete pasatxo martxan jarritako enLANzar programari esker, elkarrekin harremanetan jarraitu ahal izango dute.

Anezkaren azken faseko lanegun batean euren alboan egon nahi izan dugu: zehazki, enpresekin laneko bitartekaritza egiteko fasean. Eta, era horretan, prozesu hori nola garatzen den ezagutu dugu, eta, halaber, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak, DEMA-Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziaren eskutik eta Santa Maria La Real Fundazioaren lankidetzarekin, sustatutako Anezka Programan parte hartu izanak ekarri dienari buruzko iritzia ere bildu dugu. 

lunes, 29 de mayo de 2017

Edarietan drogak hautemateko erreaktibo bat, Enpresari sarien 2016-2017ko edizioaren proiektu irabazlea

2017ko maiatzaren 29a

“DEMAn tutoretza egin diguten pertsonek emandako laguntza izan da gehien motibatu gaituena" horixe adierazi zuen, emozioa begiradan islatzen zitzaiola, Janire Cregok, Enpresari programaren lehen saria eskuratu zuen lan taldeko kideak, joan den ostegunean, maiatzaren 25ean. Lanbide Heziketan kultura ekintzailetza bultzatzeko xedea duen sari hau urtero sustatzen dute Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak eta DEMA Enplegu eta Ekintailetza Foru Agentziak.

martes, 23 de mayo de 2017

Honelakoa da eta izango da Laneko Orientazioaren oraina eta geroa

2017ko maiatzaren 23a

"Batzuetan, geratu egin behar da, mugitu behar den ezagutzari buruz gogoeta egiteko; gelditu, nora goazen pentsatzeko, bidea zein den jakiteko". Hori esan zuen Teresa Laespada diputatuak maiatzaren 18an, ostegunean, V. Gizartegune espazioaren irekiera ekitaldian. Gizartegune Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak sustatutako entzuteko eta gogoeta egiteko espazio bat da. Bosgarren edizio hau DEMA-Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak kudeatu zuen eta Lan Orientazioaren orainaldiari eta etorkizunari buruzkoa izan zen. Jardunaldian Deustuko Unibertsitatearen lankidetza ere izan zen; hain zuzen, CRAI liburutegiko Ellacuría aretoa laga zuen, jardunaldia egiteko.

jueves, 23 de marzo de 2017

Enpresen 10 joera langileak kontratatzerakoan

2017ko martxoaren 23a

Enpresen erdiek baino gehiagok ziurtatzen dute arazoak dituztela behar dituzten profilak kontratatzerakoan. Gai al gara bilatzen dutena eskaintzeko?

jueves, 16 de marzo de 2017

“Lan merkatua izugarri aldatu da, eta egokitu egin behar dugu”

Elkarrizketa Gloria Mugica DEMAko zuzendari-gerenteari

2017ko martxoaren 16a

Gloria Mugicak 35 lagunek osatutako talde bat zuzendu eta koordinatzen du, DEMAn, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailarekin elkarlanean, Bizkaian enpleguaren kalitatea eta berrikuntza hobetzeko helburuaz. Politologoa eta soziologoa, interesatuta egon da beti gizarte harremanetan eta pertsonen arteko harremanetan, eta egiten duen lanak zerikusi handia du horrekin: egunez egun ahalegintzen da jendeari bere helburu profesionalak betetzeko baliabideak eskaintzen, Foru Agentziaren ekintza lerroen eta programen bitartez. Elkarrizketan azalduko digu zer lerro diren horiek eta nola landu nahi dituzten 2017an.

lunes, 13 de marzo de 2017

Bizkaiko enplegu anezkek eta Taldekako kideek aurrera jarraituko dute “EnLANzar” programari esker

2017ko martxoaren 13a

Teresa Laespada foru diputatuak hitz hauek esan zituen joan den ostegunean egin zen Bizkaiko Anezken arteko Amaierako Topaketan: EnLANzar programa zuen laneratze prozesuan lagunduko dizuen zerbitzu bat izango da. Uste dugu zuen ondoan jarraitu behar dugula, iritsi gaitezkeen lekuraino, guk zuekin jarraitzea nahi duzuen lekuraino”. Horrela, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko Sailak erantzun egiten dio Anezka eta Taldeka programetako kideek DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziaren bidez aspaldi eginiko eskaera bati. “Jaso dugu zuen eskaria”, adierazi zuen Laespadak, eta honako hau erantsi: “zuen ondoan jarraitu nahi dugu, hegan egin dezazuen nahi dugulako”.

martes, 7 de marzo de 2017

Ekintzaileak BIZIraunkortasunaren bila

2017ko martxoaren 7a

BIZIraunkortasuna. Hiru hitzetan oinarrituta sortutako kontzeptua: iraunkortasuna, bizitza eta bideragarritasuna. Hitz gakoak DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak antolatutako II. Ekintzailetza Jardunaldietan, zeinean negozio planaren eta bizitza planaren artean oreka bat aurkitzea xede nagusia zen. Biak modu eraginkorrean kalibratuz soilik lortuko du ekintzaileak biziraunkortasuna.

lunes, 6 de febrero de 2017

500 kilo eskola material Smararako

2017ko otsailaren 6a

“Desberdinak. Emakumeak eta gizonak, gazteak eta helduak, prestakuntza desberdina eta esperientzia desberdinak… baina jarrera positibo batek batzen gaitu, buru irekiak eta gure sormenak. Taldean lan egiten dugu, espiritu solidarioarekin, elkar ezagutzeko, pertsonalki nahiz profesionalki. Hauxe da gure proiektuaren oinarria, ilusioz hasi duguna, gure ahalmenak indartzeko eta enplegu arloan dugun helburura hurbilduko gaituzten trebetasunak garatzeko”. Horrela aurkezten dute beren burua Bidezkako kideek, Nerbioi-Ibaizabaleko Enplegu eta Ekintzailetza Solidarioko Anezka, eta espiritu solidario horri jarraiki, erronka bat ipini diote beren buruari: 500 kilo eskola material biltzea Smarara eramateko.