lunes, 29 de mayo de 2017

Edarietan drogak hautemateko erreaktibo bat, Enpresari sarien 2016-2017ko edizioaren proiektu irabazlea

2017ko maiatzaren 29a

“DEMAn tutoretza egin diguten pertsonek emandako laguntza izan da gehien motibatu gaituena" horixe adierazi zuen, emozioa begiradan islatzen zitzaiola, Janire Cregok, Enpresari programaren lehen saria eskuratu zuen lan taldeko kideak, joan den ostegunean, maiatzaren 25ean. Lanbide Heziketan kultura ekintzailetza bultzatzeko xedea duen sari hau urtero sustatzen dute Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak eta DEMA Enplegu eta Ekintailetza Foru Agentziak.

emprender en FP

Garazi Elguezabal, Janire Crego, Tatiana Sánchez eta Dylan Ferreira Zabalburu ikastetxeko ikasleak dira, eta Lanbide Heziketako Analisiko eta Kalitate Kontroleko Laborategiari buruzko Goi Mailako Hezkuntza Zikloa amaituko dute, laster. Ikastetxeko tutore Olatz del Pozok gainbegiratuta eta azaroan esleitu zitzaien DEMAko teknikariak orientatuta, "Lauburu 05" izeneko proiektua burutu dute, eta horren baitan, edarietan Burundanga eta beste droga batzuk hautematen dituen produktu bat ikertu eta garatu dute. “Enpresari izan ezean, ez genuke inoiz gure negozio ideia garatuko” adierazi zuen Tatianak, eta Janirek hauxe gaineratu zuen: “Aurrera jarraitu nahi dugu proiektu honekin; merkaturatu eta herritarren esku jarri nahi dugu”. Kezkatuta agertu ziren biak gero eta maizago ematen den arazo honengatik: edarietan substantziak botatzea (normalean kolore, zapore eta usain gabeak), biktimaren borondatea deuseztatu edo biktima guztiz baretzeko, ondoren sexu erasoa errazago egiteko. Ziurtatu zuten produktuak “festetara lasai joatea” ahalbidetuko diela.

Osteguneko sari banaketak amaiera bikaina eman zion Enpresariren hamaseigarren edizioari. Programa honek, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatu Teresa Laespadak esan zuenez, “ekintzailetza kulturaren hazia erein du” Bizkaiko Lanbide Heziketako ikasleen artean. Ekitaldi hau antolatzen da, batez ere, ikasleek, irakasleek eta ikastetxeek egindako ahalegina omentzeko eta eskertzeko.

Ekitaldiaren hasierako diskurtsoan, Laespadak azaldu zuen gaur egun oraindik martxan daudela Enpresariren hasierako edizioetan sortutako hainbat proiektu, eta krisiari aurre egiteko gai ere izan dira: “Hainbat urtez funtzionatzeko gakoa -esan zuen- enpresa proiektuan jarritako konstantzia da". Diputatuak pertseberantzia hori eskertu nahi izan zien proiektu horien hainbat arduraduni, ekitaldian egon baitziren; izan ere, haren hitzetan, “enpresa ehuna eta balio ekonomikoa sortzen dute, eta komunitatearekin lankidetzan dihardute…" Eta ildo horretan, mezu hau bidali zien Enpresari 2016-2017 programaren ikasle protagonistei: “Zuen beharra dugu! Eskatzen dizuet ez amore emateko eta prestakuntzarekin jarraitzeko, gaitasunak eta talde lana garatuz".

Enplegu Agentzia Bizkaian

Proiektu irabazleak, Lauburu 05 izenekoak, 1.500 €-ko saria jaso zuen. Bigarren saria -1.200 €- Leioako Ostalaritza Eskolako ikasleen talde batek eskuratu zuen. Sukalde establezimendu bat asmatu zuten fondoak eta saltsak egiteko eta gero jatetxeetan banatzeko, jatetxeei denbora eta espazio arazoak aurreztuta. Enpresari 2016-2017 lehiaketaren hirugarren saria, 1.000 €-koa, Bilboko Gurutze Gorriko Lanbide Heziketako institutuko bi ikaslek irabazi zuten; haien proiektua anbulantziak garbitzeko eta desinfektatzeko sistema bat da, erabiltzaileak eta langileak kutsatzeko eta infektatzeko arriskua gutxitzeko ezinbesteko asepsia bermatzen duena.

empleo para jóvenes en Bizkaia
2. saria

emprendimiento joven
3. saria

Diputazioaren eta DEMAren Enpresari programak ekintzailetza eta enpresen sorrera sustatzen du, laneratzeko eta autoenpleguko aukera baliagarri gisa. Hautapen prozesuaren faseak gainditu ondoren, azaroan, 200 ideia baino gehiagoren artean, 50 ideia hautatu ziren, laneko fasera igaro eta sariak eskuratzeko hautagai izango zirenak. Proiektua epaitu eta 10 sarituak hautatzeko unean, bereziki baloratu dira ekintzailetza espiritu handieneko proiektuak eta enpresa mundura bideratutako gaitasunak hobe garatzen zituztenak. Animaliak eta pertsonak lokalizatzeko sistema batek, dronen tailer profesional batek eta jatetxeentzako web plataforma batek 500 €-ko sari  bana jaso zuten, eta sari bera eskuratu zuten klinika berritzaile batek, lehen laguntzetako prestakuntza zentro batek, haurtzaindegi sentsorial batek eta bizartegi ekologiko batek.

Negozio ideien bideo lehiaketaren bi sariak ere banatu ziren. Bat, "Air soft duty" izenekoa, San José de Calasanz zentroko parte hartzaileek eskuratu zuten, Internetez jasotako botoen arabera, eta bestea, DEMAk aukeratutakoa, Elorrieta Errekamariko ikasleen "Camión Fácil" izeneko proiektuarentzat izan zen. Bi taldeetako kide bakoitzari iPad bat eman zitzaion opari.

programa para estudiantes de Formación Profesional

Enpresari sariak banatzeko eremu oso egokian egin zen ekitaldia: Zorrozaurreko Pabellon 6 aretoan, gune alternatibo bat, non arte eszenikoak egiteko beste modu batzuei lekua egiten zaien eta antzoki handietara iristeko zailtasunak dituzten proposamenei aukera bat ematen zaien. Han, Ana Urrutiak itxura askotako aurkezleekin batera egin behar izan zuen aurkezpena… Raffaella Carrà bera ere ekitaldian egon zen!

Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak eta haren Agentzia DEMAk eskerrak eman nahi dizkie programa honetan parte hartu duten guztiei. Eskerrik asko gazteen ekintzailetza sustatzen laguntzeagatik!

Programas de empleo en Bizkaia

No hay comentarios:

Publicar un comentario