miércoles, 20 de septiembre de 2017

Ba al dakizu zer den enplegu anezka bat?

2017ko irailaren 20a

Ezagutu Bizkaian 200 pertsonari baino gehiagori lana bilatzeko aukerak areagotzen lagundu dion programa.

Ezagutzen dituzu enplegu anezkak? Ezagutzen ez badituzu, lana bilatzeko oso baliagarria izan dakizukeen programa berritzaile hau azalduko dizugu. Dagoeneko ezagutzen baduzu, ez galdu ezer, DEMAk Anezka programaren bost deialdi izango baititu irekita urriaren 11ra arte, Bizkaiko hainbat puntutan. Zure aukera mundura jauzi egiteko!

Pertsonak, anezken bultzatzaile
Enplegu anezkak Fundación Santa María la Real fundazioaren sustatzaile José María Pérez “Peridis" jaunak asmatu zituen, Bizkaiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak sustatzen ditu, eta Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak (DEMA) kudeatzen ditu. Babes sendoa eskaintzen dute programako parte hartzaileak laneratzeko prozesuan. Helburua da alde batera uztea enplegua bakarrik, ia-ia babesik gabe, bilatzeko ideia tradizionala, enplegua taldean bilatzearen ikuspuntuari heltzeko; taldean, parte hartzaile bakoitzak garrantzia du, eta bere ekarpena egiten du. Pertsonak eta taldeko lan konprometitua eta proaktiboa dira proiektu honen arrakastaren gakoa. Hau da, taldea aritzen da taldekide bakoitzarentzako lan bila.

Enplegu anezka bat langabeen, boluntarioen, pertsona aktiboen, eta gizartean ikusgarriak diren pertsonen talde heterogeneo bat da, eta antolatu egiten dira koordinatzaile baten laguntzarekin, enplegua bilatzeko, bai besteren kontura bai norbere kontura; izan ere, taldekide guztiek lan merkatuan sartzeko bide eta modu desberdinak aztertzen dituzte.

Definizioak beharrezkoak dira, baina ezerk ez du hobeto azaltzen anezka kontzeptua partaideek programan parte hartutakoan bizi izandako sentipenek baino. Haien arabera, anezka "baliogarria" da maila pertsonal eta profesionalean, nork bere burua ezagutzen laguntzen du, baita autoestimua hobetzen eta nork bere burua baloratzen ikasten ere; horrez gainera, asko eman diezazukeen (berriro ere, maila pertsonalean eta profesionalean) bestelako jendea ezagutzeko aukera ematen du. Programan parte hartu dutenek bermatzen dute lana taldean bilatzea "beste gauza bat" dela; aldez aurreko jarrera ona areagotzen da zure egoera berean dauden eta helburu bera duten pertsonen talde bateko kide sentitutakoan, eta nork bere buruarekiko eskaera maila ere handitzen da: "kontua ez da edozein lan bilatzea; aldiz, benetan zertan lan egin nahi duzun planteatzea eta hori lortzen nola saia zaitezkeen pentsatzea". Anezkak horretarako tresnak eskaintzen ditu.



Horiek Enkarterriko anezkan parte hartu zuten, baina Bizkaian beste hainbat lekutan ere egin dira: Bilbo, Meatzealdea, Uribe Kosta, Ezkerraldea, Nerbioi-Ibaizabal, Durangaldea eta Busturialdea. Zehazki, orain arte, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak 11 enplegu anezka jarri ditu martxan, haren Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziaren (DEMA) bitartez, eta Fundación Santa María la Real fundazioarekin eta programari baliabideen ekarpena egiten dieten beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin izandako erakunde arteko lankidetzari esker. Anezka horietan, 212 pertsonak hartu dute parte. Programetan parte hartu ondoren, Bizkaiko enplegu anezketako 110 kidek lortu dute lan merkatuan sartzea. Eta zenbatekoak garrantzitsuak izan arren, esan daiteke programaren alderdi batzuek are garrantzi handiagoa dutela: Anezka programak zein lan helburu dituzten zehazten eta konpetentzia pertsonalak eta enplegagarritasuna hobetzen laguntzen die parte hartzaileei. Horra hor gakoa!

Berritu ala... berritu!
Gaur egun, Giza Baliabideen arloko profesionalen % 90ek sare sozialak erabiltzen dituzte langileak aukeratzeko. Ba duzu presentziarik sareetan? Ba dakizu egokienak aukeratzen zure profilaren arabera? Lantzen duzu zure marka profesionala? Zer egiten duzu LinkedInen eragin handiko profila sortzeko? Aurrekoen antzera, enplegua aktiboki bilatzen ari direnek digitalizazioari lotutako hainbat alderdi ongi ezagutu eta kudeatu behar dituzte. Beste "klasikoago" batzuetan, lan elkarrizketetan adibidez, landu beharreko beste hainbat trebetasun berezi behar dira. Enplegagarritasun maila (pertsona batek lanpostu bat eskuratu eta han irauteko gaitasuna, bera ere eraberrituz) zuzenean lotuta dago horrekin guztiarekin, eta, horregatik, anezkak alderdi horiek guztiak lantzen ditu. Horri esker, partaideek alderdi horiek hobetzeko tresnak jasotzen dituzte. Gainera, enpresek langileak kontratatzeko eskatzen dituzten konpetentziak sakon lantzen dira, horien bitartez nabarmendu eta lanpostu hobea lortzeko: enpatia, plangintza, moldagarritasuna, komunikazio trebetasunak, taldeko lana, adimen emozionala, sormena...

Anezka programak nola funtzionatzen duen ulertzeko lau pista
  • Anezka bakoitza lanik gabe edo enplegua hobetzeko prozesuan dauden 20 pertsonak osatzen dute gehienez.
  • Koordinatzaile batek laguntza eskainiko dio etengabe taldeari, eta banakako eta taldeko saio guztietan egongo da.
  • Anezkan parte hartzea borondatezkoa da, eta ez dago ordainik. Programak iraun bitartean, konpromiso maila handia eskatzen da parte hartzeari eta saioetara joateari dagokionez.
  • Anezkak 5 hilabete irauten ditu zuzenean; denbora horretan, partaideek laneratzeko urratsak egingo dituzte, hainbat jarduerari esker. Besteak beste, honako hauek egiten dira: enpresekin harreman zuzenak izan, eta giza baliabideetako arduradunekin tailerrak egin; foro, topaketa eta ekitaldietan parte hartu, eta horrelakoak antolatu; ekintzailetza tailerrak egin, eta ekintzailetzako ibilbide praktikoak prestatu, negozio ideia bat duten pertsonentzat.

Anezka programari buruzko informazio gehiago jaso nahi baduzu edo Bizkaian urriaren 11ra arte irekita egongo diren bost deialdietako batean (Eskuinaldea, Meatzealdea, Ezkerraldea, Goi Nerbioi eta Bilbo) parte hartu nahi baduzu, jarri harremanetan DEMArekin: dema.eus Tel.: 94 418 90 55

No hay comentarios:

Publicar un comentario