martes, 5 de junio de 2018

Zaletasuna enpresa bihurtzen denean

2018ko ekainaren 5a

“Musika nire hobby-a eta bere lana da” esan du Idoia Acosta Santurtziko San Jose de Calasanz ikastetxeko Gizarte Integrazioko ikasleak, Enpresari 2017-18 lehiaketako lehen sariaren irabazleetako batek. Iker Rodriguez da taldeko beste kidea. Bien artean Arima sortu dute, gitarrak egin eta konpontzen dituen lutheria tailerra (artisau lan hutsa!), zeinari esker 1.500€-ko txekea irabazi baitute, beren negozio ideiari jarraipena emateko erabiliko dutena.

programa Enpresari de DEMA
1. saria

Aspalditik buruan zerabilten ideia bat zen, Iker Euskadiko Lutheria Eskolan ikasten hasi zenetik, Enpresari programari esker gauzatu ahal izan dutena. Bi-biek musikagatik duten pasioaz harago, “ideia burugabe bat zirudien, teknologiak den-denera iristen diren garai honetan, baina programarekin saiatzea erabaki genuen, eta aurrera egitea, bideragarritasuna aztertu ondoren”. Luthierrak hari instrumentuak eskuz sortzen dituzten artisauak dira. Den-dena eskuz egiten dutenez, beren musika tresnek sortzen duten soinua mekanikoki fabrikatutakoena ez bezalakoa da.

Arima-k dagoeneko sortu ditu instrumentu batzuk bere tailer txikian: gitarra bat –Berri Txarrak-eko Gorka Urbizuk martxoaren 17an BECen erabili zuena–, biolin bat, biola bat eta biolontxelo bat. “DEMAren esperientzia oso positiboa izan da, pila bat ikasi dugu eta begiak irekitzen lagundu digu, zeren askotan gogoak eta pasioak ez dizute arriskuak ikusten uzten”, erantsi dute bi gazteek. Egitasmoa martxan jarri aurretik ere, Idoiak eta Ikerrek, Luisa Pardo tutorearen eta Joseba Etxebarria DEMAko teknikariaren laguntzaz, aurre egin behar izan diete gerora beren enpresa ibilbidean giltzarri izango diren hainbat erabakiri –materiala eta tresnak erostea, prezioen estrategiak, etab.–, eta ziurtatu dute “etorkizun hurbil” batean, ikasketak amaitzean, beren lutheria tailerra jarriko dutela abian.

Departamento Foral de Empleo, Inclusión Social e Igualdad
Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua, Teresa Laespada

Enpresari sariak urtero banatzen dira izen bereko programaren edizio bakoitzaren amaieran. Programa horren bidez, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko Foru Saila eta DEMA Enplegu eta Ekintzailetzarako Foru Agentzia saiatzen dira ekintzailetza eta enpresa kultura sustatzen Bizkaiko Lanbide Heziketako irakasleen eta ikasleen artean. Helburua da programan parte hartzen duten ikasleek ekintzailetza ikus dezatela lan irteera posible gisa. Sari banaketaren ekitaldia maiatzaren 29an egin zen, Campos Antzokiaren Kupula aretoan, eta bertan izan ziren Teresa Laespada foru diputatua, ekitaldiko buru gisa, Ana Urrutia aurkezlea, gidari lanetan, eta Aura Teatro konpainia, ekitaldiaren animatzaile gisa, zeinaren buruak, Rafa Eizagirre klake dantzari profesional getxoztarrak ezin hobeki islatzen baititu Enpresari programaren balioak: pertsona ekintzailearen adibide argia da, bere pasioa zenaren eta gaur egun izaten jarraitzen duenaren aldeko apustu irmoa egin zuena.





Lehiaketaren hamazazpigarren edizio honetan saritu diren 10 proiektuak aukeratu ziren DEMAren epaimahai baten aurrean defendatuak izan ondoren. Prozesua iazko urrian hasi zen, 50 enpresa ideia hautatuz 200dik gora ideien artetik.

Berrogeita hamar ideia horiek hiru hilabetez garatu dira, DEMAko teknikarien laguntzaz. Aldian behingo bilerak egin dituzte gazteekin, eta proiektuak egi bihur daitezen egin beharreko urratsen berri eman diete. “Oso aberasgarria izan da proiektu honetako lan orduak Josebarekin partekatzea, lutheriarekin inolako zerikusirik ez duen pertsona, baina esperientzia handia duena enpresak sortzeko lanetan”, adierazi zuen Idoiak. “Luisari eta Josebari esker, gai izan gara gure proiektuarentzako lurreratze pista eraikitzeko, merkatu azterketak egiten ikasteko, prezioak eta irtenbideak erabakitzeko… den-denak etorkizunean ere erabilgarri izango zaizkigun tresnak”.

Etorkizunean pentsatzen dute. Ez alferrik, programaren helburu nagusia bada ere enpresa proiektu bat egiten ikastea eta ez horrenbeste enpresak sortzea, egia da –Laespadak gogoratu zuenez– programan parte hartu duten pertsona batzuek beren enpresa sortu dutela lehiaketatik igaro ondoren, eta “gaur egun oraindik indarrean daudela Enpresariren lehen edizioetan sortu ziren hainbat proiektu”.

Bigarren saria, 1.200€-koa, Ander Cíarentzat izan zen, Emilio Campuzano Institutuko ikaslea, sormenari, diseinuari eta ilustrazioari lotutako sektoreentzako poltsikoko koadernoak fabrikatu eta saltzeko proiektu bati esker. Hirugarren saria Iskander Diezentzat izan zen, Somorrostro Lanbide Heziketako Institutuko ikaslea, eta 1.000€ irabazi zituen fundiziorako modeloen fabrikazio proiektu baten bitartez.

emprender en Bizkaia
2. saria

emprendimiento joven
3. saria

Laugarren saria David Nuevo, Heidi Morera eta Maidiodio Fallek irabazi zuten, Zabulburu Ikastetxekoak, eta 500€ jaso zituzten Euskal Herria eta Maroko arteko bidalketa zerbitzu baterako martxan jarri duten aplikazio azkar eta sinple bati esker. Kopuru berekoak izan ziren bosgarren saria, Dolores Ibarruriko Sandra Dominguez eta Isaac Perezentzat, lau gurpileko eta gurpil lerroko hockeyarekin lotutako artikuluen denda bategatik; seigarrena, LHII Txurdinagako Angie Daniela Estrada, Diana Garcia, Lara Barcia, Miriam de Miguel eta Sara Orecarentzat, bokazio zientifikoak eta ingurumen kontzientzia jasangarria piztea helburu duen beren enpresa ideiagatik; zazpigarrena, LHII Nicolas Larburuko Alba Bruno eta Erika Colmenerorentzat, dantza eta fitnessa erakusteko beren zentro espezializatuagatik; zortzigarrena, Eraikuntza Institutuko Yahaira Agirre eta Ianire Erezumarentzat, judoa eta kirola gizarteratzeko eta gizarte aldaketarako proposatzen duen beren ideiagatik; bederatzigarrena, Salestarrak Ikastetxeko Ander Cabrera, Eduardo David Mazzoni, Eneko Ayllon eta Imanol Osunarentzat, zanpatzen direnean energia sortu eta gordetzen duten beren baldosengatik; eta hamargarrena, San Viator Ikastetxeko Haizea Arrillaga eta Nekane Nievesentzat, 0-12 urteko umeentzako beren ludoteka eta aisia zentroagatik.

Ekitaldian saria jaso zuten ere negozio ideien bideo aurkezpen onenak egin zituzten taldeetako ikasleek: EKONTZIENTZIA ESKOLA –kontzientziazio tailerrak sukalde eta elikadura osasungarriari buruz eta ibilaldi gidatuak naturan–, Leioako Ostalaritza Eskolako Aitor Urkiza, Alain Torres, Igor Izarra eta Nikklas Schönek aurkeztua; IMAGINE –aholkularitza zerbitzua ezgaitasunak dituzten pertsonei egokitutako irudi pertsonalean–, LHII San Jorgeko Piedad Calvok aurkeztua; eta SUGARRA JATETXEA –tenperatura apalean sukaldatutako 0KM-ko okel jatetxea–, Leioako Ostalaritza Eskolako ikasleak ere diren Iker Franku, Mikel Larrinaga eta Unai Barandikak aurkeztua.

Enpresari 2017-2018 sarituak

No hay comentarios:

Publicar un comentario