jueves, 7 de junio de 2018

Bizkaiko enpresak eta millennial-ak helburu komun baten bila

2018ko ekainaren 7a

DEMA Enplegu eta Ekintzailetzarako Foru Agentziaren programa pilotu batean parte hartu duten millennial gazteek praktikak egin dituzte hiru hilabetez Bizkaiko puntako enpresetan, eta hurbiletik ezagutu dituzte erakunde horiek erabiltzen dituzten gestio aurreratuko ereduak. Gazteen erdiak gutxi gorabehera bigarren fase batera igaroko dira, eta fase horretan bekadunen egitekoa izango da aurretik ikasi dutena egokitu zaien konpainiari transmititzea.


Joan den otsailean, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak, DEMA Enplegu eta Ekintzailetzarako Foru Agentziaren bidez, abian jarri zuen Millennials 1000x1000 izeneko programa, curriculumetik kanpoko praktiken egitasmo berri bat, millennial gazteak enpresen mundura hurbiltzeko, haien enplegagarritasuna hobetzeari begira.

UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko hogeita bost ikasle (17 emakume eta 8 gizon) lanean hasi ziren hezkuntza lankidetzako programa pilotu honetan, UPV/EHU, Human eta Euskaliten arteko lankidetzatik sortutako egitasmoan. Orduz geroztik, Human enplegu dinamizatzaileak garapen, laguntza eta tutoretza indibidualeko saioak antolatu ditu bekadunentzat, eta jarraipen jarduerak, coach enpresentzat.

Millennials 1000x1000 programa “millennial belaunaldiko” gazte kualifikatuentzat da, enplegurako motibazio eta gaitasun bereziak dituztenak, aurreko belaunaldien gaitasunak ez bezalakoak. Izan ere, nahiz eta gaur egun millennial gazteek langabezia tasa esanguratsuak eta lan merkatuan sartzeko zailtasun handiak dituzten, kalkuluen arabera 2020an belaunaldi hori munduko lan indarraren herena baino gehiago izango da. Horregatik, enpresek eta kolektibo honek sintonian egon behar dute, gazteen laneratzea egokia izan dadin bi aldeentzat. Elkarren beharra dute eta elkar ulertu beharrean daude.

Hori horrela, Millennials 1000x1000 programaren helburua da gazte horiengana hurbiltzea, haien enplegagarritasuna hobetu eta bultzatzeko metodologia berri bat saiatzea, eta dagokion ekarpena egitea pertsonen gestio sistemaren garapenari Bizkaiko enpresetan.

Otsailean programa aurkezteko egin zen ekitaldian Teresa Laespada Enplegu eta Ekintzailetzako foru diputatuak azaldu zuenez, enpresek eta langabeek zailtasunak dituzte elkar topatzeko: “Jauzi bat dago, gap bat, adin bati eta kolektibo jakin bati lotutako enpresen eta teknologia berriak menderatu eta bizitza ulertzeko modu berriak eta beste balio batzuk dituzten gazteen artean. Programaren bidez, gazte horiek hurbildu nahi ditugu enpresa mundura”.




3 hilabete coach enpresetan
Programaren lehen hiru hilabeteetan, gazteek praktikak egin dituzte coach enpresetan, gestio aurreratuko prozesuak dituzten Bizkaiko puntako konpainietan. Enpresa horiek ateak zabaldu dizkiete gazteei, beren gestio eredua barnera dezaten. Fernando Sierra Euskaliteko zuzendariak, programaren inaugurazio ekitaldian, egitasmoaren izaera berritzailea nabarmendu zuen: “Lehen faseak, arreta ikaslean ipiniz, ezagutza transferentzia bat bilatzen du jada gestio aurreratuko kultura bat duten erakundeen artean. Erakunde horietan, ikasleek ikasi egin dezakete, etorkizunean landuko duten gaiaren inguruan ez ezik, baita gestio ez-konbentzional bati buruz ere, kontuan harturik interes taldeen gogobetetze orekatua".  




Lehen fase honetan parte hartu duten 12 coach enpresak honako hauek dira: Bizitegi, Gorabide, Lantegi Batuak, Ingeteam, Siemens Gamesa, Vicinay, Asle, BAT, Bilbomática, Mutualia, Noray Histocell eta EITB.

Maiatzaren 17an (osteguna), ikasleak eta coach enpresak Foru Liburutegiko Ekitaldi Aretoan bildu ziren, Millennials 1000x1000 programaren lehen faseari buruzko iritziak partekatzeko. Bilkura horretan Carlos de Grassa Humaneko aholkulariak adierazi zuenez, “hilabete hauek beren buruak prestatzeko balio izan die, lanak garatzeko eta baita elkarren artean ikasteko ere”. Hain zuzen ere, parte hartu duten gazteek horixe nabarmendu dute aho batez: “Programaren alderdi indartsuenetako bat izan da –adierazi zuen Leire Zabala Zientzia Politikoetako ikasleak– praktiketan dauden beste sektore batzuetako kideengandik ikasi ahal izatea”.


De Grassak erantsi zuenez, "enpresaren eta langilearen arteko elkar egokitzearen oinarria interes berberak edukitzean datza, eta horixe da praktikaldian landu duten puntuetako bat”. Hori dela-eta, programaren lehen fase osoan zehar, gestio aurreratuko enpresa kulturaren gaia jorratzeaz gainera, zeharkako gaitasunak ere landu dira: hala nola erresilientzia, bikaintasuna, talde lana, estrobertsioa, egonkortasuna, esperientziara zabalik egotea, garapen pertsonala, lankidetza, kemena, malgutasuna, erantzukizuna, energia eta bizitasuna edo besteekiko konexioa.

Parte hartzaileen iritziaren balioa
Lehen faseko esperientziaren ondoren, bi kolektiboek (ikasleak eta coach enpresak) beren ondorioak atera dituzte, ezinbestekoak Sailak eta DEMAk metodologiaren eta programa beraren ebaluazioa eta optimizazioa egin dezaten.

Programan aritu diren millennial gazteek uste dute esperientzia positiboa izan dela, ohiko praktikak baino egokiagoa, oso ondo hartu eta tratatu dituztela, eta enpresa baten errealitatea ezagutzeko aukera eman diela. Bereziki baloratu dituzte coach enpresen sektore eta jarduera aniztasuna eta eskaini zaien konfiantza, eta teknikoki gaituak sentitu direla erantsi dute. Zerbait eskatzekotan, zeregin gehiago eskatuko lituzkete.

Aldiz, ikasleak hartu dituzten enpresek gazteen balorazio oso ona egin dute, eta haien integrazio, inplikazio, lankidetza, proaktibitate eta lan gaitasuna nabarmendu dituzte. Eragozpen txiki batzuk aipatu dituzten ordutegietan.

Bi aldeek adierazi dute lehen fase hau pitin bat laburra iruditu zaiela.


Protagonistak
Andrea Martinez Publizitate eta Harreman Publikoetako ikaslea Vicinay enpresan aritu da. Kontuan izanik hainbat eratako praktikak egin dituzten pertsonei entzundakoa, Millennials 1000x1000 programa ez da izan espero zuen bezalakoa… askoz hobea izan da! “Normalean jendeari ez zaio ezer egiten uzten, eta guri askatasun osoa eman digute, konfiantza izan dute gure irizpidean, eta hori eskertzekoa da: oraindik profesionalak ez izanik gugan konfiantza izatea”. Andreak Marketin Digitalean lan egin nahi du, eta oso pozik dago coach enpresan izan dituen eginkizunekin. Orain arte ez zuen aukerarik izan horietako batzuk praktikan jartzeko. Bere eta praktiketako bere kidearen ardurak izan dira: Vicinayren komunikazio digitala, bilatzaileetako posizionamendua enpresaren beharren arabera, web orrien kudeaketa eta eguneratzea, Linkedln profilen dinamizazioa, eta Linkedln master class-a enpresako lantaldeari. “Etorkizuneko profesional gisa zer indargune ditudan ikasi dut” adierazi du Andreak. “Gainera, nire kasuan, programaren helburua bete da: enpresak eta millennial gazteak hurbiltzea. Ez zitzaidan burutik pasa mundu mailan horren garrantzitsua den Vicinay bezalako enpresa batean lan egitea, eta programari esker, enpresa multinazional bat nola kudeatzen den ikasi dugu, programatik kanpo sekula izango ez genukeen aukera sinestezin bat”.

Markel Cano Publizitatea eta Harreman Publikoak ere ikasten ari da UPV/EHUn, eta EITB izan du coach enpresa. Markelentzat, Millennials 1000x1000 programa ustekabe handi bat izan da: “betiko praktikak espero nituen, baina programa hau ezin hobeki egokitu da, eta aukera eman dit ikasitakoa praktikan jartzeko”. Markel eta praktiketako haren lankidea Employer Branding egitasmoa kudeatzeaz arduratu dira EITBn. Marketina eta Giza Baliabideak konbinatzen dituen estrategia bat da, konpainien irudia zaintzeko haien langileei eta hautagai posibleei begira. Lehiakortasuna indartzea helburu duen teknika bat da, enpresetan talentua erakarri eta atxikitzeko orduan, ongizatea, soldata emozionala eta genero berdintasuna kudeatuz. “Programa honetarako hautatua izateak aukera eman dit Employer Branding egitasmoa garatu, ezagutza berria eskuratu eta esperientzia handi bat bizitzeko, eta horrek balioko dit, ez bakarrik profesionalki, baita pertsona gisa ere”, erantsi du. Markelek betetzat jo du enpresak eta millennial gazteak hurbiltzeko helburua, eta aitortu duenez, “sekula ez zidaten interesik piztu EITBk publizitate arloan eskaintzen dituen praktikek, erakartzen ez nauten eginkizunetan oinarritzen direlako, baina programa honek aukera eman dit oso proiektu interesgarri bat garatzeko, esportagarria ere izan daitekeena edozein erakundetara, enpresa handi bat nolakoa den jakiteko, eta barrutik nola lan egiten den ikasteko”.

Leire Zabala Zientzia Politikoetako ikaslea da UPV/EHUn, eta Millennials 1000x1000 programaren lehen fasea egin du Gorabide enpresan. Leireren ustez, “programa honek bete-betean asmatu du. Zortea izan dut, ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izan dudalako, eta gainera horrek ikasitakoaren teoria hobeto ulertzen lagundu didalako”. Leirek eta Imanolek –praktiketako kidea– Gorabide izan dute coach enpresa. Hiru fasetan banatu dute lana: Gorabideren kalitate kudeaketa ereduaren azterketa; elkarrizketak prozesuaren liderrekin; eta laburmetraia gidoi bat lantzea, Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astearen barnean egingo den kudeaketari buruzko laburmetraien lehiaketarako. Leirerentzat emaitza oso positiboa izan da. “Sekulako oparia izan da. Ez neukan inolako itxaropenik, baina ziur naiz itxaropenen bat izan banu ere emaitzak guztiz gaindituko zuela. Gauza berriak ikasteaz eta bizitako esperientziaz gainera, gure gaitasun pertsonalak landu ahal izan ditugu, eta gaitasun berriak garatu. Jakintza adarren arteko sinergia eta feedbacka dira nire ustez programaren indarguneak”, erantsi du. Leirek zalantzarik gabe uste du bete egin dela enpresak eta millennial gazteak hurbiltzeko helburua. “Oso eraginkorra izan da. Oso gustura egon gara. Ezer eskatu gabe, gure ezagutza akademikoetan eta gure gogoetan uste osoa izanik, guztiz baliotsua den zerbait erakutsi digute, eta zoragarria da hori”. Gorabideren ikuspegiari buruzko laburmetraiaz gainera, Leire bere eta bere lankidearen ekarpenaz mintzo da: “aire berria enpresarentzat, egiten duten horren balioa gogoraraztea, eguneroko jardunak ikusten uzten ez duena”.

Bigarren fasea, sekulako desafioa
Programa aurkezteko ekitaldian, Fernando Sierrak azaldu zuen bigarren fasea transferentzia fase bat izango dela: “Beste erakunde batzuetara joango dira, beharbada kudeaketa aurreratu hori ez dutenak, edo horren barneratuta ez dutenak, eta ekarpen egiazki interesgarri bat egin ahal izango dute hor”. Soilik hasierako 25 ikasleetatik 12 igaroko dira ekainaren hasieran abian jarriko den bigarren fasera. Asmoa da 5 hilabeteetan aldaketa eragitea erronka enpresetan, coach enpresetan ikasitakoaren eta garatutako praktika egokien bidez, eta millennial kolektiboko kideen balioen bitartez.

Lehen fasean, ikasleek 400€ jaso dituzte hilean, lanaldi erdiagatik; bigarrenean, hileko ordainsaria 500€-koa izango da.

Millennials 1000x1000 programa pilotu honen ondoren, emaitzak baloratu eta edizio berriak egiteko aukera aztertuko da.

Ezagut itzazu Millennials 1000x1000 programaren 1. promozioko enpresak eta gazte protagonistak > Ikusi gehiago

No hay comentarios:

Publicar un comentario