martes, 24 de julio de 2018

SKN Additive, galdaketa ereduen fabrikazio gehigarria 3D inprimagailuen bidez



2018ko utzailaren 24a 

Elkarrizketa Iskander Díezi, 2017-2018ko 3. Enpresari saria.

Iskander Díezek 2017-2018ko Enpresariren hirugarren saria irabazi zuen, SKN Additiverekin, galdaketarako ereduak fabrikatzeko proiektu bat. Saria jaso zuenetik hilabete batzuk igaro ondoren, Abanto eta Zierbenako Meatzarien Ospitale zaharrera gerturatu gara, gaur egun han baitu bere egoitza, jakin nahi dugulako zergatik den proiektu hau berritzailea eta zerk ekarri dion hari sari horrek.



Enpresari, hain zuzen, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak bultzatutako eta DEMA-Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak kudeatutako programa dugu, Bizkaiko gazte jendearen artean kultura ekintzailea eta enpresa kultura sustatzeko helburua duena. Iskanderri, 1.000 € emateaz gainera, bere ekimena ezagutzera emateko aukera eskaini zaio.

Iskander Diez Peña, Enpresariren 3. saria, SKN Additiverekin.

Leku egokia eta une aproposa
Iskanderren ibilbidean, kausalitateen multzo bat ematen da, non erabaki zuzenak bata bestearen atzetik hartu diren. Autogintzako Goi Mailako ikasketak egin ondoren, Fabrikazio Mekanikoaren Diseinuko goi mailako teknikari izateko ikasten hasi zen, eta han Prestakuntza Dual Hedatu batean parte hartzeko aukera eskaini zioten; hau da, prestakuntza urtebetez luzatu eta adar batean, bere kasuan trokelgintzan, espezializatzea. Interesgarria iruditu zitzaion, espezialitate horretan eroso dagoelako, eta onartu egin zuen. “Prestakuntza Dual Hedatua oso positiboa izan zen, eskuratu nituen ezagutzak ezin baitira jaso ez prestakuntzan, ez enpresan, non lana eskuarki egunerokoari oso lotuta egoten baita” aipatu digu.
Prestakuntza horri esker, sorkuntza eta fabrikazio prozesu osoa ezagutzeko aukera izan zuen, eta prozesu horretan sor daitezkeen zailtasunak ezagutu zituen. Hortik atera zen, hain zuzen, SKN Additive, Enpresari Programara aurkeztu zuen ideia, Audiko bideo batekin non etorkizunean trokelgintzak zer norabidetan joan behar duen planteatzen baitzuen: trokelen formak gero eta konplexuagoak dira, oso funtzio desberdinak betetzen dituztelako; gaur egun funtzio horiek ezin dira egin, teknologia berri bat ezarri ezean.




Metodo gehigarriak formen mugaketa desblokeatzen du
Oso argi eduki zuen hasieratik. Enpresek erreminta gero eta arinagoak eta erresistenteagoak eskatzen dituzte. Gaur egungo makinekin eta metodo tradizionalarekin nekez lor daitezkeen forma konplexuagoak erabili behar dituzte. Metodo gehigarria erabilita, denbora eta dirua aurrez dezakegu; izan ere, 3Dn inprimatzeko teknologia inplementatuz gero, poliestirenozko galdaketa ereduen bidez lortutakoak baino forma hobeagoak fabrikatu ditzakegu. “Metodo tradizionala ordezkatzeko gai izango den prozesu bat garatu nahi dugu. Eskaera hori ematen da jada, eta fabriketan planteatzen ari da” baieztatu du.




“Produktu" on bat edukitzea ez da nahikoa hura aurrera ateratzeko
Iskanderrek ezagutzen zuen jada Enpresari Programa, Autogintza ikasten ari zen garaian lehen negozio ideia aurkeztu zuelako. Ideia hura airean geratu zen, atzerrira joan zelako praktikak egitera. SKN Additive sortu zitzaionean, horretaz gogoratu, eta harremanetan jarri zen Luz Garzarekin, garai hartako irakaslearekin, eta hark hasieratik sinetsi zuen Iskanderren proiektuan, eta lehiaketan berriro aurkeztera animatu zuen.
Lan askoko hilabete gogorrak izan ziren, bera praktiketan zegoelako oraindik, eta, ideia oso barneratuta eduki arren, ez zuelako ikusten proiektuari forma emateko modua. Landu beharreko puntu garrantzitsu asko zeuden, bazekien proiektuak etorkizuna zuela baina ez zekien nola bihurtu enpresa proiektu; bultzada horretan, Arri, DEMAko tutorea, ezinbestekoa izan zen.

“Enpresari bidea izan da, eta Luz eta Arri, babes handia. “Produktu" on bat edukitzea ez da nahikoa hura aurrera ateratzeko Ezinbestekoa da enpresa forma hori ematea, eredu ekonomiko hori, nondik jo dezakegun jakitea… Enpresarik proiektua lurreratzen lagundi dit, gure lurraldeko berrikuntza eta ekintzailetza iturri handiena da”

Enpresariren hirugarren sariak eskuratzeak ate asko ireki dizkio. Abanto Zierbenako udala asko inplikatu da, enpresa mintegi bihurtutako Gallartako Meatzaritza Ospitalea zaharrean espazio bat utzi baitio, ikertzen eta probak egiten jarrai dezan.




Proba, galdaketa batekin
Guztia primeran joan bada ere, oraingo erronka nagusia da enpresak konbentzitzea, “trokelgintzaren aldaketa” hau ematearen beharraz jabetu daitezen. Metodo gehigarriaren erabilerak onura handiak ekarriko ditu lehengaietan eta galdaketa denboran, eta hori aurrezki garrantzitsua izan daiteke konpainientzat.
“Metodoaren fidagarritasuna eta abantailak frogatu behar ditugu; norbaitek gure ereduak hartzea eta galdatzea, poliestirenozko eredu tradizional bat izango balitz bezala”. Horixe egin nahi du Iskanderrek aurtengo udan, gero Euskadiko enpresetara joateko bere produktua eskaintzera.

No hay comentarios:

Publicar un comentario