jueves, 12 de julio de 2018

SAREKIN jaio da, Ekintzailetzaren Aldeko Bizkaiko Sarea



2018ko ekainaren 28a

“Saia gaitezke sortzen ekintzaileen enpresa sare bat: harremanetan jarriko zaituztena, batera lan egiteko aukera emango dizuena…”. Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Diputatuaren hitz horiexek izan ziren gaur egun errealitate bihurtu den SAREKIN - Ekintzailetzaren Aldeko Bizkaiko Sarearen abiapuntua. Sarearen aurrekariak Emprendit-ON 2017 Ekintzailetza Foro Gaztean kokatzen dira, iazko martxoan egin zena, non parte hartzaileek hobeto egituratuta egongo den ekintzaileentzako ekosistema bat eskatu baitzuten. Laespadak erronkari eutsi zion, eta foroaren ondoren egin zen topaketa batean, Bizkaiko ekintzaile gazteei lagunduko dien sare bat sortzeko asmoa iragarri zuen, ezaugarri nagusi izango dituena pertsonak, zeharkakotasuna, gardentasuna, lankidetza eta ondo eginiko lana.






Une horretatik aurrera, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila eta DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentzia lanean hasi ziren egitasmoa egi bihurtzeko, Cámara Bilbao University Business School-eko Azterlanak eta Ikerketak Departamentuko teknikarien laguntzaz. Egiteke zeuden lanen artean, ekimen, ekintza eta erronka zehatzak adostea zen horietako bat, ekintzailetzari buruzko analisi, eztabaida eta gogoetetatik harago –oso landuak ordurako–, aurrera egiteko ekintzailetza ekosistema kolaboratiboago, ordenatuago, efizienteago… batean. Azken batean, aurrera egiteko sarean.  


Kontuan izan zen gakoetako bat izango zela Bizkaiko ekintzailetzaren ekosistemako erakunde eta agente guztien partaidetza eta konpromisoa lortzea, Bizkaiko Ekintzaile Gazteen Sarearen  ko-sorkuntza prozesu parte hartzaile bat planteatuz, nagusiki erabiliz desing thinking-ean oinarritutako ikerketa teknika kualitatiboak eta metodologia inklusiboak. Horrela, taldeak berak diseinatuko luke Sarea, baita prozesu parte hartzailean landutako proposamenetik aterako litzatekeen ekintza plana ere.




Hiru jardunaldi Sarearen ko-sorkuntzarako
Aurrez aurreko hiru lan saio antolatu ziren prozesua gauzatzeko, 2018ko urtarrilean, otsailean eta martxoan, eta Bizkaiko ekintzailetza munduko pertsona eta agente ugari bildu zituzten. Jardunaldi bakoitza amaitzean, kontraste agenteen laguntzaz ebaluatu ziren saioak, on-line inkesta baten bitartez.

Lehenengo saioan, “Elkarlanean” izenekoan, agerian gelditu ziren Bizkaiko ekintzailetzaren beharrak, ahulguneak, indarguneak eta aukerak. Ezagutza, harreman eta zeharkakotasun handiago bat eskatu zen, ekintzailetzaren fase guztietan eta agente guztien artean, baita koordinazio eta lankidetza hobeago bat ere, prozesuaren urrats bakoitza erraztu eta optimizatzeko.

Bigarren saioan (“Ko-sortuz”), batera eraikitzeko helburua planteatu zen; hau da, ideiak sortzea eta ideia horiek ko-sorkuntza prozesu baten bidez garatzea. Hala, agerian gelditu zen gazteen artean ekintzailetza sustatzeko beharra, porrota era positiboan ikusaraziko duena, aurrera egiteko eta etorkizuneko ekintzailea gaitzeko modu gisa. Saio honetatik hainbat ideia sortu ziren, ekintzailetza proiektu baten bizi prozesu guztietan sortzen diren oztopoak gainditzeko.


Azkenik, hirugarren saioaren (“Lurreratuz”) helburu nagusia izan zen bigarren saioko hobekuntza ideien lurreratzea gauzatzea, Ekintza Plan bat planteatzeko, lehentasunak eta ekintza zehatzak zehaztuta: ekintzarako proposamenak eta Sarea antolatzeko proposamenak.




SAREKIN: Bizkaiak sarean ekiten dio!
Ideia, iradokizun eta eskaera horiei guztiei erantzuteko, Foru Aldundiak eta DEMAk Ekintza Plan egoki eta bideragarri bat sortu dute, bi fasetan banatua: martxan jartzea eta sendotzea.

Lehenengo fasean, sarea martxan jartzeko (2018-2019), Bizkaian Ekintzailetza Sare bat sortzen saiatuko da, sare iraunkor eta jasangarria denboran, gai izango dena gure lurraldeak eta biztanleek unean-unean behar dituzten efizientzia, gardentasun, lankidetza, fidagarritasun eta profesionaltasun helburuak betetzeko. Sakon aztertuko dira Agenteen Sarearen egitura eta antolakuntza, eta batera abian jarri beharreko ekintzak edo proiektuak.

Horren ugariak eta askotarikoak izanik Bizkaiko ekintzailetzaren arloan diharduten agenteak eta erakunde publiko nahiz pribatuak, beharrezkoa izango da lantalde tematikoak sortzea, ekintzak eta proiektuak dinamizatu eta koordinatzeko era ordenatu batean. Gainera, kontuan izanik Sarearen lantalde hauek antolakuntza modu arin eta malgu bat behar dutela, Bizkaia.Network plataforma erabiliko da SAREKIN - Ekintzailetzaren Aldeko Bizkaiko Sarearen komunikazioetarako, tresna egokia baita lankidetza sareak sortu eta Bizkaian ekintzailetzarako baliabideak bilatzeko. Izan ere, sarbide libreko eremu birtual bat da, agenteentzat eta erakundeentzat, sareko proiektuak eta taldeak kudeatzeko aukera ematen duena.  


Bere aldetik, DEMAk talde bat jarriko du lanean proiektuan, eginkizun izango duena Ekintza Planaren hedapen egokia bermatzea, eta adostutako ekintzak eta helburuak betetzen direla ziurtatzea.




Gainera, batera gauzatu beharreko ekintza sail bat zehaztu da. Hasteko, Ekintzailetza Azoka bat, bilduko dituena, alde batetik, Bizkaiko ekintzailetza agenteak, eta bestetik, ekiteko interesa duten pertsonak. SAREKIN Sarea sortu ondoren, desberdintasun nagusia izango da Azokan egongo diren erakundeak ez direla era autonomoan arituko; hau da, beren standetan ez dutela beren zerbitzuei buruzko informazioa indibidualki emango. Aitzitik, sarean ere emango diote informazioa ekintzaileari, tematiken arabera antolatutako baliabideei eta zerbitzuei buruz, aintzat harturik aurretik landu diren enpresa proiektu baten faseak. Horrek erdigunean ipiniko du ekintzailea. Azokak programazio oparo bat ere izango du (hitzaldiak, tailerrak, etab.), ekintzailetzari buruzko azken berriak eta joerak ezagutarazteko. Gainera, ekintzaileentzako gune bereziak ere izango ditu, harremanak eta sinergiak sortzeko, lankidetzei, aliantzei… begira. Ekintzailetza Azoka 2018ko abenduaren 12 eta 13an egingo da, Euskalduna Jauregian, bat etorriz denboran Prestik Enplegu Azokarekin.

Batera eginiko beste ekintzetako bat izango da mapa bat osatzea ekintzailetzarako eta preskriptoreekiko lankidetzarako Bizkaiak dituen baliabide, zerbitzu eta laguntzekin, transmisio kanal modukoak izango direnak ekintzaile gazteak SAREKIN Sarera bideratzeko.  

2019. urtearen amaieran, Sareak eginiko urratsen balantzea eta ebaluazioa egingo da: zer mailataraino egin den aurrera agenteen arteko elkarlanean, bururaino eraman diren ekintzak eta parte hartzaileen gogobetetze maila. Horretan guztian oinarrituta, ebaluazioak adierazten badu Sarearen sendotze maila egokia izan dela, erabakiak hartuko dira beste urrats bat egiteko, eta sakontzeko 2020 eta 2021 urteetan martxan jarri beharreko baterako ekintza eta proiektuen garrantzian. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario