viernes, 16 de octubre de 2015

Banako enpresaburuaren eta profesionalaren zerga-betebeharrak

2015eko urriaren 16an 

Artikulu honetan azaltzen da banako enpresaburu edo profesional gisa alta ematerakoan zein betebehar hartu behar dituzun kontuan:
036 eredua
Lehenengo betebeharra Ogasunean 036 eredua betetzea da. Gaur egun ohikoa da telematikoki egitea, baina ordezkaritza batzuetan paperean egin ahal da. Agiri horretan jarri beharko dituzu zure IFZ, izen-abizenak edo sozietatearen izena, zein ekitalditan eman duzun alta, helbidea, zer jarduera egingo duzun, eta jarduera horri lotutako epigrafea. Horretarako, Ogasuneko ordezkaritzan bertan aholkua emango dizute, baina komenigarria da aurretiaz epigrafea argi edukitzea; horretarako, baliagarria izango zaizu lotura hau...

Gainera, 036 ereduan azaldu beharko duzu alta “eraginkorra” den ala “hasiera eraginkorraren aurretik” egingo den, jarduera BEZaren “araubide orokorrean” dagoen ala “araubide berezi” batean, eta PFEZaren likidazioa Zuzeneko zenbatespenaren metodoko modalitate “arruntean” ala modalitate “erraztuan” egingo den.
Erregistro-liburua eta 140 eredua
2014tik, ekonomia-jarduerak egiten dituzten pertsona fisikoek, ondasun-erkidegoek edo bestelako entitateek Eragiketa Ekonomikoen Erregistro Liburua deritzon liburu bakarra egin eta kontserbatu behar dute. Erregistro-liburu horrek ordeztu egingo ditu orain arte profesional gisa eduki behar ziren liburuak (PFEZ eta BEZ).
Erregistro-liburu horri buruzko datuak 140 ereduaren bidez aurkeztu beharko dituzu. Eredu horretan agerrarazi beharko dituzu jarduerari lotutako ondasunak, diru-sarrerak, gastuak, hornidurak eta Batasunaren barruko eragiketak, besteak beste. Horretarako, administrazioak aplikazio bat jarri du profesionalen eskura; horri esker, datu horiek telematikoki sartu ahal izango dituzu.
PFEZ
130 eredua: Profesionalek eta enpresaburuek hiru hilean behin Zerga Agentzian 130 eredua aurkeztu behar dute. Eredu horren bidez, Ogasunari egindako PFEZaren zatikako ordainketa likidatzen da.
Salbuespena: profesionala bazara eta zure diru-sarreren % 70 gutxienez zure lanbide-jardueratik sortzen bada, eta diru-sarrera horiek atxikipenen edo konturako sarreren mendean egon badira (hori gertatzen da bezeroa enpresa denean), ez duzu autolikidazio hori aurkeztu behar izango.
115 eta 180 ereduak: Zure jarduera alokatutako lokal batean egiten baduzu, ordaintzen duzun errentaren % 21 atxiki behar diozu errentatzaileari; halaber, hiru hilean behin 115 eredua aurkeztu behar duzu, eta urtean behin 180 eredua, urteko laburpena, alegia.
100 eredua: Urtean behin enpresaburu eta profesionalak PFEZa autolikidatu behar du. Eredu horretan bere jarduera ekonomikoa aitortuko du, eta egindako atxikipenen eta konturako ordainketen kenkaria aplikatu ahal izango du.
BEZ
Hiru hilean behin, 310 eredua aurkeztu eta likidatu beharko duzu. Eredu horretan bilduko dira zure jardueran jasandako BEZa eta jasanarazitako BEZa. BEZaren likidazio hori aurkezteko datak hauek dira:
-          1. hiruhilekoko BEZa: Apirilaren 1etik 20ra
-          2. hiruhilekoko BEZa: Ekainaren 1etik 20ra
-          3. hiruhilekoko BEZa: Urriaren 1etik 20ra

Urteko azken hiruhilekoko BEZa likidatzeko, 311 eredua aurkeztu beharko duzu. Eredu horrek ekitaldi osoan jasandako BEZa eta jasanarazitako BEZa biltzen ditu. Likidazio hori urtarrilaren 30a baino lehen aurkeztu behar da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario