viernes, 20 de noviembre de 2015

Ekintzailea naiz!

2015eko azaroaren 20an 

Emakume ekintzailearen eguna dela-eta, Demak hausnarketa bat egin nahi du, emakumeek beren enpresa proiektua errealitate bihurtzeko orduan aurkitzen dituzten oztopoei eta ekintzailetzan aritzen garen agentziok egin ditzakegun ekarpenei buruz.  Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilbao Metrópoli 30ekin lankidetzan, Bizkaian emakume ekintzaileak babesteko lan egiten duten erakundeen arteko esperientzia eta jardunbide onen trukea” izeneko jardunaldi eta tailerrak bultzatu zituen eta horitan ateratako ondorioak dira hausnarketa hauek. Demak jardunaldiotan parte hartu zuen.
Erronka zera da: geroz eta emakume gehiagok ikustea beren enpresa proiektu propioa sortzean aukera dutela beren gaitasunak garatzeko, enplegu propioa sortzeko, eta, garrantzitsuena dena, gizarteari balioa emateko; halako ekarpenik gabe, izan ere, biztanleriaren gutxienez % 50aren ikuspegia galtzen baita.

Helburu hori lortzeko, eta etorkizunean gizonek eta emakumeek ekintzailetzan dituzten desberdintasunei buruz hitz egin behar ez dezagun, hezkuntzan txiki-txikitatik arlo guztietan gai hau zeharka landu beharko litzatekeela uste dugu. Hala, neskatoek ezagutza arlo desberdinetan gaitasuna eta isla dutela ikusi ahalko lukete, halaxe baita. Horrenbestez, biharko egunean neskato horiek ez lukete inolako beldurrik izango jardueretan parte hartu eta ekintzailetzan aritzeko, estereotipoen, autoestimu faltaren, konfiantza faltaren eta bestelako mamuen erruz.
Izan ere, emakume asko ekintzailetzan ez aritzeko edo halakorik egin dezaketela planteatu ere ez egiteko arrazoietako bat zera da: ez daukatela erreferenterik eta gizarteak ez dizkiela emakumeei egozten ekintzailetzan aritzeko beharrezkoak edo gomendagarriak diren gaitasunak, besteak beste, lidergotza, negoziatzeko gaitasuna, arriskuak hartzeko ahalmena… Ezaugarri horiek guztiak gizonen jarrerekin lotzen dira.
Gizarte testuinguruak oztopoak jartzen dizkio emakumeari ekintzailetzan aritzeko. Izan ere, etxearen pisua eta haurren eta nagusien zaintza sarritan emakumeen ardura izaten dira. Emakume batek erabakitzen badu ez dela guztiaz arduratuko edo lana bere inguruko beste pertsona batzuekin partekatzen badu, sarritan ez da begi onez ikusten. Ondorioz, errudun sentitu liteke, bere proiektu profesionalari lehentasuna eman diolako. Gizonen kasuan ez da halakorik gertatzen.
Gizarte aldaketa bat beharrezkoa da, denboraren kudeaketa eremu profesionalean funtsezkoa izan dadin eta ez dadin emakume edo gizonen kontua izan; biek daukate bizitza pertsonala eta familiarra eta biek uztartu behar dituzte bizitzako alderdi horiek. Ondorioz, negozio bat kudeatzea ez litzateke eragozpen izan beharko, emakume nahiz gizon izan.

Ekintzailetza babesten dugun agentziok geure harri koskorra ekar dezakegu, baldintza horiek guztiak apurka-apurka alda daitezen. Horretarako, honako ekintzak egin ditzakegu, besteak beste:

  • Ekitaldietan hizlarien artean beti emakumeak daudela zaindu.
  • Emakumezko hezitzaileak prestatu, partaideei enpresa eremuetako erreferente eta adituak izaten laguntzeko.
  • Genero ikuspegidun politika aktiboak eduki, emakumeei ekintzailetzan aritzeko erraztasunak eta pizgarriak emango dizkioten beharrizanei jarraiki.
  • Ez antolatu bilera edo ekitaldirik, familiako konpromisoen zioz emakume asko kanpoan utziko lituzketen orduetan.
  • Kolektibo desberdinetako emakumeen artean sentsibilizazio lana egin ekintzailetzan aritu daitezen, batez ere, emakumeek ordezkaritza urria duten sektoreetan: teknologian eta abar.
  • Emakumea merkatuan sartzeak eragingo lukeen errentagarritasun ekonomikoa gizarte mailan ikusarazi (gai honi buruzko datu oso zehatzak ematen dituzten hainbat azterketa daude).
  • Erakundeen boterea erabili, inbertsioak ekintzailetzan eta aukera berdintasunean dituen emaitzak bikoiztuko dituzten sareak sentsibilizatu, sustatu eta sortzeko.
  • Agente desberdinen artean lankidetzan aritu, ahaleginak norabide berean bideratu eta ekintzak koordinatzeko.

Hona hemen tailerren pare bat argazki: lehengoan, agentzia partaideetako ordezkarien ekarpenetan ateratako ondorioak agertzen dira eta, bestean, egin ziren saioen uneetako batzuk:





No hay comentarios:

Publicar un comentario