lunes, 20 de junio de 2016

ANEZKA edo lan-merkatuan nola murgildu

2016ko ekainaren 16a

Bihar bukatuko da doako programa honen lau deialdietako batean izena emateko epea; horren bidez lana aurkitzeko aukerak handitu ahal izango dituzu.

Lan bila ari zara? Lan-merkatura sartzeko aukerak hobetu nahi baldin badituzu, DEMAk eta Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak, Santa María la Real Fundazioaren laguntzarekin, aukera ematen dizute Enpleguko eta Ekintzailetza Solidarioko Anezka doako programan parte hartzeko. Lau eskualdetan dago deialdia irekita: Uribe Kosta, Busturialdea, Durangaldea eta Nerbioi-Ibaizabal. Zehazki, udalerri hauetan garatuko dira programa horiek: Sopelan, Bermeon, Ermuan eta Arrigorriagan, hurrenez hurren.

Nahiz eta eskualde horietan sustatzen diren lehenengo enplegu-anezkak izan, aurreko deialdiaren bermea daukagu. Orduan hiru anezka eratu ziren Bizkaian: Ezkerraldean, Enkarterrin eta Bilbon. Gaur egun, Bilboko eta Ezkerraldeko anezketako parte-hartzaileen % 60 lan-munduan txertatu dela ziurtatu dezakegu, Enkarterriko anezkan, aldiz, % 50. Hala eta guztiz ere, zifra horiek ez dira behin betikoak; izan ere, gure lehenengo parte-hartzaileek ez dute euren jarduera datorren ekainaren 30era arte bukatuko, gainera, haietako batzuk hautapen-prozesu eta lan-elkarrizketetan murgilduta daude.


Badakizu enplegu-anezka bat zer den?
enplegua eta ekintzailetza
Anezka bat langabeen talde heterogeneo bat da. Espiritu dinamikoa, konprometitua eta solidarioa dute, eta borondatez eta kontraprestazio edo ordainik gabe parte hartzen dute ekimen honetan. Koordinatzaile kualifikatu batek lagunduta, euren gaitasunak indartzen dituzte, ezagutza kolektiboa sortzen dute, euren burua ikusgai egiten dute eta helburu komun bat lortzeko elkarri laguntzen diote: lana lortzea, dela beren kontura, dela inoren kontura.
Anezkan parte hartzeak konpromiso maila handia eskatzen du, iraunaldi osoan parte hartzeari eta saioetara joateari dagokienez.
Anezken lan egiteko modua enpresa kooperatiba baten antzekoa da. Hogei laguneko talde batek osatuko du anezka bakoitza. Bost hilez (2016ko ekainaren 27tik 2016ko abenduaren 23ra arte, abuztuan lanik egin gabe) lau orduko lanaldiak egingo dituzte, astean lau aldiz. Jarrera aktibo, konprometitu eta solidario bat oinarri hartuta euren gaitasunak indartuko dituzte enplegagarritasuna hobetzeko. Jarrera hori funtsezkoa da anezkaren espiritua ulertu eta barneratzeko. Izan ere, guztion artean elkarri lagun diezaiokegu!

Enpleguko eta Ekintzailetza Solidarioko Anezken programaren jarduera nagusiak
Anezkako parte-hartzaileen enplegagarritasuna optimizatzeko erabakigarriak diren gaitasun eta konpetentziak landuko dira: talde-lana, autoezagutza, ekintzailetza, coaching-a, marka pertsonala, antolakuntza eta ekitaldietara bertaratzea, lan-elkarrizketak egiteko teknikak…
Anezka batean parte-hartzeko hautatua izanez gero honako jarduera hauek egin ahal izango dituzu:

  • Taldeko saioak, zeinetan sailen, prestakuntza-pilulen, taldeko dinamiken eta taldeko lanaren bidez lan egingo den.
  • Coach-arekin saio pertsonalizatuak izateko aukera.
  • Harreman zuzenak izatea enpresekin, oro har, enpresa txiki eta ertainekin, eta tailerrak egitea giza baliabideen arduradunekin.
  • Foro, topaketa eta ekitaldietan parte hartzea eta halakoak antolatzea.
  • Ekintzailetza tailerrak eta ekintzailetzako ibilbide praktikoa, negozio-ideia bat duten pertsonentzat.

Esan beharra dago, parte-hartzaile bakoitzak bere helburu profesionalen inguruan hausnartzen duela, hortaz, ez da alde batera uzten norberak bere lanpostu propioa sortzeko aukera. Aholkularitza eskainiko da enpresa-proiektua egiteko eta, behin enpresa martxan jarrita, 3.000 euro arteko laguntza ekonomikoak eskainiko zaizkie pausua eman nahi dutenei.
Oraindik garaiz zaude Enpleguko eta Ekintzailetza Solidarioko Anezken programan izena emateko! Anima zaitez!

Parte hartzeko baldintza orokorrak
  • Adin nagusikoa izatea
  • Eskualdeko udalerrietako batean bizi eta bertan erroldatuta egotea
  • Langabea izatea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda egotea

Deialdi honetako Nerbioi-Ibaizabal anezka, ohiko erakundeez gain Telefónica fundazioak ere babesten duena, 18 eta 34 urte bitarteko parte hartzaileei zuzenduta dago bereziki. Haietako bat izan nahi duzu?

Informazio gehiago: www.dema.eus edo 94 418 90 55

Ezagutu itzazu gure lehenengo parte-hartzaileak!


No hay comentarios:

Publicar un comentario