miércoles, 28 de junio de 2017

Langileak kontratatzen dituzten Bizkaiko 8 enpresa ezagutzen

2017ko ekainaren 28a

DEMAren enLANzar programako partaideek networking jardunaldi batean parte hartu zuten logistika, garraio eta zerbitzuetako hainbat enpresarekin.

Enplegua eskaintzen duten enpresekin networking batean parte hartzea aukera bikaina izan daiteke, norbere burua ezagutzera emateko eta enpresa horietako arduradunekin harreman profesionalak ezartzeko ez ezik, baita langileen kontratazioari buruzko azken joerak ezagutzeko ere.

Joan den asteazkenean, enpresekin topaketa bat izan zen Aparkabisako areto nagusian, enLANzar programaren baitan. Topaketa horretan parte hartu zutenek logistika, garraio eta zerbitzuetako hainbat konpainiaren kontratazio dinamika ezagutu ahal izan zuten, eta, horrez gainera, informazioa eta enplegu bilaketari buruzko aholkuak jasotzeko aukera izan zuten.

enLANzar Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak sustatu eta DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak kudeatutako programa bat da. Bi hilabete eskaseko ibilbidean, enLANzar programak hamar jarduera-lantegi eskaini dizkie jada partaideei (lehen Bizkaiko Anezka programetako bateko partaide izandakoak), enplegua bilatzeko prozesuan jarraitutasuna eta laguntza emateko asmoz.

Bizkaian kontratatzen duten logistika, garraio eta zerbitzuetako 8 enpresa
Aparkabisako gerente Javier Seoane eta DEMAko zuzendari Gloria Múgica izan ziren topaketaren aurkezleak. Emandako hitzaldian, Gloria Múgicak nabarmendu zuen Sailarentzat eta Agentziarentzat "pertsonak direla garrantzitsuena", euren lehentasuna, eta, hortaz, haiei irtenbideak eskaintzeko lan egiten dutela.

lana Bizkaian

Hasierako aurkezpenaren ondotik, topaketa hiru fasetan garatu zen: lehenengoan, logistikaren eta garraioaren arloko lau enpresak hartu zuten hitza, eta galderak egiteko txanda bat izan zen gero; bigarren fasean, zerbitzuen sektoreko lau enpresa aritu ziren, eta horien ordezkariek ere erantzun zieten bertaratutakoen zalantzei; hirugarren fasea lunch bat izan zen, non partaideek eta enpresetako ordezkariek aukera izan zuten elkarrekin harremanetan jartzeko eta jardunaldiaren baitako networking kontzeptua nabarmentzeko.  Era berean, partaideek curriculumak eman ahal izan zizkieten DEMAko teknikariei, horiek enpresetako ordezkariei eman ziezazkieten.

Aparkabisa. Javier Seoane 
Industria pabiloiak, ibilgailu astunentzako lursailak eta garraioarekin lotutako enpresentzako bulegoak alokatzen ditu, eta erakundeei jarduera erraztuko dieten zenbait faktore eskaintzea du helburutzat. Gaur egun, erabateko okupazioa du, eta era askotako zerbitzuak eskaintzen dituzten 53 enpresa inguru ditu instalatuta; Seoaneren ustez, Aparkabisa “berau da enpresa sareko gune bat”.

Langile gehienak aparkalekuen kontrolatzaileak dira, baina administrazioko, mantentze lanetako eta biltegietako langileak ere badira enpresan. Aparkabisa sozietate publiko bat da; hortaz, enplegu publikoa lortzeko irizpide orokorrak erabiltzen dituzte kontrataziorako: berdintasuna, merezimenduak eta gaitasuna. Deialdi publikoen bidez lortzen da lana Aparkabisan; langile taldean sartzen direnek lan erregimen arrunta dute; ez dira funtzionarioak.

Behin-behineko hutsuneak, oporraldiak, bajak… bete behar baditu, honako kontratazio irizpide hauek erabiltzen ditu Aparkabisak: FP2 edo Batxilergoko ikasketak eta aparkatzean/sarbideen kontrolean eskarmentua duten pertsonak kontratatzen ditu, eta balioetsi egin dezake euskara zein beste hizkuntza batzuk jakitea. Kudeaketa administratiboko lanpostuetarako, kontabilitate publikoari buruzko ezagutza eta kalitatearen arloko eskarmentua balioesten ditu, eta mantentze lanetako postuetarako, berriz, eraikin publikoen mantentze lanetarako konpetentzia. Biltegiko postuetarako, oinarrizko prestakuntza eta orga jasotzailea gidatzeko gaitasuna eta konpetentzia.


Javier Seoanek enplegua bilatzeko emandako 7 jarraibide

Jakin-mina
Ikasteko gogoa
Malgutasun mentala
Jarrera, gaitasunaren gainetik
Lanean ongi pasatzea
Proposatutako erronkei begira beldurrik ez izatea
Beti prest egotea prestakuntzarako eta birgaitze profesionalerako


Salvat Bilbao Transitarios. Patxi Fernández 
Aparkabisan kokatuta dago, eta logistikako nahiz kanpo merkataritzako arlo guztiez arduratzen den enpresa talde bat da.

Aurkezpenean, Salvat Bilbao Transitarios enpresako zuzendariak garrantzitsutzat jo zuen bere hastapen profesionalak kontatzea, entzuleei argi adierazteko ia inoiz ez dugula lehenengotik lortzen nahi dugun lanpostua. Era askotako lan esperientziak izan zituela azaldu zuen, eta esperientzia horiek ezinbestekoak izan zaizkiola estresari nola eutsi ikasteko. Aipatu zuenez, "zerikusi handia du optimismoarekin, indarrei eustearekin... eta lotura hertsia du enplegu bilaketarekin”. 47 urterekin, lanik gabe geratu zen, eta zenbait kiderekin batera enpresa bat sortzea erabaki zuen: une hartan, erabakigarriak izan ziren gogoa eta gaitasuna, eta bazela jomuga izan zitekeen merkatu bat, lotura zuena haiek ordura arte egiten aritu zirenarekin. Azpimarratu zuen oso garrantzitsua dela merkatuak unean-unean eskaintzen dituen aukerak antzematen eta aprobetxatzen jakitea.

Enplegatzaile gisa duen esperientzia datu honetan oinarritzen da: 18 urtean, 40 pertsona baino gehiago enpresan aritu dira baina ez dira bertan geratu, ez direlako gai izan erakundeak berekin zekarren lan bizimodura moldatzeko. Fernándezek aipatu zuenez, “pertsona bat lan bila badabil, entrenatzeko baliatu behar du bilaketa. Egokiro jokatzen ari garela sinestea da motibazioaren oinarria. Esaten diguten guztia eta ikasten dugun guztia izango zaigu aplikagarria".

Langileak kontratatzeko, jarrera eta gaitasuna hartzen dituzte kontuan. Prestakuntza eta konpromisoa nahi dituzte: kanpo merkataritzari buruzko ezagutza, hizkuntzak, sistema informatikoak erabiltzen jakitea…, lanpostu bakoitzaren eskakizun zehatzez gain.

Scasaga (Scania Norte). Jose Pablo Gutiérrez
Aparkabisaren gunean bakarrik Scasagak 28 pertsona ditu kontratatuta, baina guztira 61 langile ditu, barne hartuta kanpoko ordezkaritzak. Enpresako zuzendariak esan zuenez, bere enpresaren aktibo nagusia “langileak dira”, eta azpimarratu zuen "gaitasuna ez ezik, jarrera ere funtsezkoa dela”, aurretik ere aipatu den moduan.

Scania Nortek kamioiak eta autobusak saltzeko merkataritza bulegoak ditu, baina, horrez gainera, konponketak egiteko eta ordezko piezak saltzeko tailer bat ere badu. Konponketetan adituak dira: langile taldeko 18 pertsona mekanikariak dira. Scania Norteko zuzendariak azaldu zuenez, mekanikariak kontratatu nahi badituzte, hautagaiek lanbidearekin lotutako LHko ikasketak izatea eta ofimatika erabiltzen jakitea eskatzen dute. Biltegiko postuetarako, hautagaiek ezagutza mekanikoak izan behar dituzte, baina ez da beharrezkoa ezagutza horiek prestakuntza arautuaren bidez eskuratu izana. Merkataritzako lanetarako, prestakuntza eta jendetasuna dira beharrezkoak, eta administrazioan lan egiteko, berriz, LHko prestakuntza espezifikoa edo/eta lizentzia. Scasagako beste lan profil bat orga gidariarena da, adibidez. 

Gaur egun, Scania Nortek osatuta du langile taldea, baina hutsuneak bete beharko dituzte 2018an. Langileak kontratatu behar badituzte, prestakuntza eta espezializazio handiko profesionalak bilatzen dituzte beti, eta lan bizitza osoan bertan geratzea nahi dute. Egonkortasun bila dabiltzan hautagaiak nahi dituzte. Ingelesa jakitea ere oso garrantzitsua da, enpresa multinazional baten mende baitago. Lanbidera edo heziketa eskoletara jotzen dute talentu bila, baina, adierazi zuenez, hemendik aurrera DEMAk eta enLANzar programak eskaintzen duten bidea ere baliatuko dute horretarako.

Bizkaian lan egiten

BIZKAIBUS. Javier Ordóñez
ALSA Taldearen baitako enpresa honek bidaiariak garraiatzen ditu errepidez. Bizkaiko pertsona askok egunero erabiltzen du zerbitzua hainbat joan-etorri egiteko, lanerako joan-etorriak egiteko, besteak beste.  

Bizkaibusek 670 pertsonako langile taldea du, batez beste; langile horien % 80 gidariak badira ere, beste lan batzuk ere badaude, jarduera nagusi horren euskarri direnak: mantentze lanak, ikuskaritza lanak, ustiapen eta kontrol lanak, kabinetako informazioa... Bizkaibus bateko gidaria izatea zaila da, ezinbestekoa baita, besteak beste, gidariek enpresaren balioak proiektatzea. Horretarako, GGA, mekanikako moduluak, bezeroen arretarako moduluak… izan behar dituzte. Lanpostu horiek lan poltsa libre eta autoerregulagarri baten bidez betetzen dira. Ordóñezek azaldu zuenez, Bizkaibusen 2 puntutan oinarritzen dute estrategia: pertsonak eta segurtasuna. “Gidariek argi izan behar dute zer daramaten ibilgailuan: pertsonen garraioan ezin da hutsik egin"

DEMAk antolatutako topaketan egindako aurkezpenean, Bizkaibuseko langileen arduradunak ohartarazi zuen “lanik gabe egon arren ezin garela egon ezer egin gabe", eta, hortaz, langabeek euren gaitasun tekniko eta pertsonalak landu behar dituztela. “Azter dezagun eta kudea dezagun geure burua!", esan zuen. Eta erantsi zuen gaur egun lana bilatzeko curriculum bat bidali besterik egiten ez duten pertsonek akats larria egiten dutela: “Langabe gauden denboran zehar egiten dugunari esker, ondo kokatuta egongo gara aukera sortzen denean. Ez dago lana eta ahalegina eginez lortuko ez dugunik".

Garbialdi Limpieza. Asier Abasolo
Arrigorriagako kaleak garbitzen zituzten lauzpabost langilerekin hasi zen martxan Garbialdi. Hazi, eta lokalen garbiketan espezializatu zen, batik bat ospitale zerbitzuen garbiketan, baina baita hiriko hondakinen bilketan, lorezaintzan eta, azkenik, etxez etxeko laguntza zerbitzuetan ere. Abasolok azaldu zuenez, familia enpresa bat da, 5.300 langile baditu ere (aldi baterakoak barne) horien % 1 bakarrik delako egiturazkoa; gainerako langile gehienak subrogatuak dira. Gaur egun, Garbialdik penintsula osoan lan egiten du, eta hainbat delegazio ditu. Langileen erdiak Bizkaian daude.

Garbialdik bi fakturazio bloke ditu: % 85 administrazio publikotik dator, eta, kasu horretan, ez du kontratatzeko aukerarik. Diru sarreren gainerako % 15a enpresa pribatuetatik dator, eta kasu horretan Garbialdik berak kontrata ditzake langileak. Kontrataziorako, Lanbiderekin, Behargintzarekin… lan egiten dute, eta teknikari soziosanitarioak edo prestakuntza espezifikoa duten langileak eskatzen dituzte etxez etxeko laguntza zerbitzuetarako. Gainerako lanpostuetarako, ordea, Garbialdik ez du prestakuntza espezifikorik eskatzen, baina aintzat hartzen ditu zenbait jarrera, hala nola konpromisoa, erantzukizuna eta fideltasuna.

lanaren bila

Invico Seguridad eta Premiatsu Servicios Auxiliares. Alberto Fernández
Bi enpresa horien zeregina pertsonak, erakundeak... zaindu eta babestea da. Alberto Fernández gerenteak azaldu zuenez, konpainia horiek eskaintzen dituzten lanpostuak lortzeko, edonork eskura ditzakeen zehaztapen teknikoak behar dira (adibidez, akademia batean prestakuntza jasotzea 3 bat hilabetez), baita jarrera ona ere: "Segurtasuneko jagolearen lana bokaziozkoa da; 24 orduz egon behar duzu lanerako prest, urtean 365 egunez". Invico Seguridad eta Premiatsu Servicios Auxiliares enpresek 300dik 350era bitarte langile dituzte gaur egun, eta Poliziaren Departamentu Nazionalaren homologazioa dute.

Segurtasuneko jagoleak eta zerbitzuetako laguntzaileak (harrera lekuak, atezaindegiak…) eskatzen dituzte, nagusiki, bi enpresek. Eskola graduatua edo titulu baliokide bat izan behar da lanpostu guztietarako, baita itxura ona ere, eta gomendagarria da curriculuma Internet bidez bidaltzeaz gain bulegoan bertan ere aurkeztea. Fernándezek azaldu zuenez, bi enpresek sortzen dituzte lanpostuak, baina Premiatsuk kontratatzen du langile gehien, Invicok langile subrogatu ugari baitu

Hosaparka. Juan André Villagra
“Agian ezinezkoa da lehenengotik nahi duzun lanpostua izatea, baina helburua lortuko duzu hainbat enplegutan aritu ostean”, azaldu zuen Juan André Villagrak.

Hasieran, Hosaparkak 30 langileko taldea zuen, eta gaur egun 120 langile ditu ostalaritzako dozenatik gora lokaletan banatuta. Horien % 80 langile finkoak dira, eta gainerako % 20, berriz, aldakorrak. Villagrak azaldu zuenez, enpresan badira administrazioarekin lotutako lanak ere, baina ostalaritzako postuak bakarrik berritzen dira: "zerbitzariak, sukaldariak, laguntzaileak, garbitzaileak... Batzuek jardunaldi osoko lanpostu finkoa dute; beste batzuek, jardunaldi partzialeko lanpostu finkoa, eta beste batzuek, behin-behineko kontratua”. Jendea kontratatzeko, "ostalari profesionala balioesten dugu; ostalaritza gustuko izatea ezinbestekoa da". Talentua antzemateko, langileek esaten dietena hartzen dute kontuan, eta curriculuma uztera hurbiltzen direnengan lanarekiko interesa antzematea balioesten dute (arduradunarekin hitz egin nahi izatea edo egun batzuen buruan berriro agertzea, adibidez).

enLANzar

Dónde buscar trabajo

quiero trabajar en Bilbao

empleo en Bizkaia

No hay comentarios:

Publicar un comentario